Mundua -

Tanhuato (Michoacan)

Gutxienez 43 pertsona hil dituzte tiroketa batean, Mexikon

Talde kriminal eta polizia federalen arteko borrokaldi bat izan da. Gorpuak arrantxo baten inguruetan sakabanaturik geratu dira.

Tiroketa Mexikoko mendebaldean, Tanhuaton (Michoacan). Argazkia: EFE
Tiroketa Mexikoko mendebaldean, Tanhuaton (Michoacan). Argazkia: EFE
Gutxienez 43 hildako Mexikon, gaizkileekin izandako tiroketan

0:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 43 pertsona hil dituzte gaur talde kriminal baten eta polizia federalen arteko borroka batean Tanhuaton, Michoacango estatuan (Mexikoko mendebaldea), txosten estraofizialen arabera.

Borrokaldian 43 lagun hil direla azaldu du lekuko batek. Hildakoen artean polizia federal bat dagoela gaineratu du iturriak. Tiroketa Tinaja de Vargas komunitatean gertatu da.

Gainera, hildakoak 43 direla berretsi du Polizia Federalaren atariko parte batek, guztiak gizon gazteak. Polizia Federalaren kide bat zauritu dutela erantsi du parteak.

Gorpuak El Sol arrantxoaren inguruetan sakabanaturik geratu dira. Landa-bidea Mexiko Mendebaldea-Morelia-Guadalajara autobidearen 371 kilometroko bidesaritik hiru kilometrora dago.

Salvador Jara Michoacango gobernadoreak eta Gobernazio Idazkaritzako kideek biktimen balantze ofizial bat emateari uko egin diote. Gertatukoaren berri datozen orduetan emango dutela aurreratu dute.

Sikarioak

Antza denez, Polizia Federala kamioneta susmagarri bat geldiarazten saiatu da eta tiroketa hasi da. Ustezko sikarioek 42 arma luze, kohete-jaurtigailu bat, potentzia handiko barret fusil bat, arma labur bat, bi kamioneta eta sei ibilgailu gehiago zituzten. Istiluen ondoren hiru pertsona atxilotu dituzte.

Estatuko Fiskaltzaren iturriek adierazi dutenez, Guerrero Martinez familiaren bandako buruzagiak atxilotzeko agindua zuen Polizia Federalak.

Bandak droga-trafikoa, estortsioa eta bahiketak ogibide ditu eta Tanhuato, Yurecuaro, Ecuandureo eta Vista Hermosa herriak kontrolpean ditu, Jalisco eta Guanajauto estatuen arteko mugan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea