Mundua -

Mexiko

AEBk bilatuenen zerrendan gehitu du 'Chapo' Guzman narkotrafikatzailea

AEBko Gobernuak 5 milioi dolar eskaini ditu narkotrafikatzailea atxilotzeko balioko duen informazioaren truke.

'El Chapo' Guzman narkotrafikatzailea. Artxiboko irudia: EFE
'El Chapo' Guzman narkotrafikatzailea. Artxiboko irudia: EFE
'El Chapo' Guzman narkotrafikatzailea. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko gobernuak bilatuenen zerrendan sartu du Joaquin "Chapo" Guzman narkotrafikatzaile mexikarra eta 5 milioi dolar eskaini ditu narkotrafikatzailea atxilotzeko balioko duen informazioaren truke, DEA AEBko Drogaren aurkako Agentziako bozeramaile batek azaldu duenez.

Mexikoko gobernuak, berriz, 60 milioi peso (3,8 milioi dolar inguru) eskaintzen ditu.

Sinaloa karteleko buruzagia uztailaren 16an sartu zuten AEBren pertsona bilatuenen zerrendan, zehazki, Mexikoko segurtasun handiko kartzela batetik ihes egin eta bost egunera. "Chapo" Guzmanek tunel baten bitartez ihes egin zuen kartzelatik, hain zuzen ere, bere ziega eta kartzelatik 1,5 kilometrora dagoen etxe bat lotzen zituen lur azpiko pasabidetik.

AEBko Drogaren aurkako Agentziak "Chapo" Guzmanen polizia fitxa eta haren bi argazki zintzilikatu ditu bere webgunean -bat ilearekin eta bestea ilerik gabe-. Fitxa horretan ageri den deskripzioaren arabera, Guzman azal zuriko gizona da, ile beltza eta begi marroiak ditu eta 1,68 metro neurtu eta 75 kilogramo pisatzen ditu.

Ez da "Chapo" Guzmanek kartzelatik ihes egitea lortzen duen lehen aldia. Osama Bin Ladenen heriotzaren ondoren AEBren etsai nagusia izan zenak Mexikoko Puerte Grande segurtasun handiko kartzelatik ihes egin zuen 2001ean, nahiz eta 2014ko otsailean berriz ere harrapatzea lortu zuten.

"Chapo" Guzmanen azken ihesa gertatu eta bi astera, oraindik ere ez dago argi nortzuk lagundu zioten kartzelatik ihes egiten narkotrafikatzaileari. Bien bitartean, Mexikoko segurtasun indarrek haren bila jarraitzen dute.

Bestalde, Mexikoko eta AEBko Justiziak "Chapo" Guzman epaitu nahi dute, narkotrafikoa, dirua garbitzea eta beste hainbat delitu egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mexiko