Mundua -

Reunion uhartean

Malaysiako hegazkinarena izan zitekeen beste objektu bat aurkitu dute

Bestalde, Malaysiako Garraio ministroak baieztatu egin du orain dela egun batzuk topatutako bi metroko pieza Boeing 777 bati dagokiola.

Nazioarteko hedabideak, Reunionen. Irudia: EFE
Nazioarteko hedabideak, Reunionen. Irudia: EFE
Nazioarteko hedabideak, Reunionen. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Reunion uhartean beste objektu berri bat topatu dute gaur, igandea, kostaldean eta dagoeneko Poliziari entregatu diote Malaysia Airlinesen MH370 hegaldiko hegazkinarena -2014ko martxoan desagertu zen- ote den zehazteko.

Linfo.re eta clicanoo.re bertoko hedabideen arabera, oraindik ez dute baieztatu objektu berri hau -ideogramak ditu- orain dela egun batzuk topatutako zatiarekin zerikusirik duen. Aurrekoan topatutako pieza Tolosan aztertuko dute, Defentsa Ministerio frantziarraren laborategi batean.

Gainera, Reunion uhartean ere, kaltetutako maleta bat topatu zuten aurreko ostegunean eta, kasu horretan, Jendarmeria Nazionalaren Ikerketa Kriminalaren Institutuak ikertuko du.

Baieztatuta Boeing batena dela

Bestalde, Liow Tiong Lai Malaysiako Garraio ministroak baieztatu egin du orain dela egun batzuk topatutako bi metroko pieza Boeing 777 bati dagokiola, alegia, 239 bidaiarirekin desagertutako Malaysia Airlinesen hegazkinaren berdina.

"Frantziako agintariek, Boeing enpresak, AEBko garraioen segurtasun nazionaleko agentziak eta abiazio zibileko talde malaysiarrak, Malaysia Airlinesek eta MH370 hegaldiaren gaineko ikerketa taldeak konprobatu dute", azaldu du Liowek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia berriak Hegazkin istripuak albisteak