Mundua -

Immigrazioa

Sartzeko beste ahalegin masibo bat izan da Calaiseko tunelean

Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi du zorrotz jardungo duela immigrazio ilegalaren aurka. Immigrazio Legeak egoera irregularrean dauden egoiliarrak kanporatzera behartuko ditu etxejabeak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mantxako kanalaren azpitik Frantzia eta Erresuma Batua lotzen dituen tunelaren instalazioetan, Calais herrian (Frantzia), sartzeko beste ahalegin masibo bat egon da gaur gauean. Azken saiakera horretan polizia batek zauri arinak jaso ditu.

Toki hartako segurtasuna ziurtatzeko asmoz zabaldu dituzten kideek 1.000 saiakera eragotzi dituzte barrutiaren kanpoaldean, eta beste 700 etorkin atzeman dituzte instalakuntzara sartzea lortu eta gero.

Poliziako kide batek zauri arinak jaso ditu, harri batek aurpegian jo baitu. Harriaren jaurtitzailea atxilotua izan da.

Etorkinen presioa areagotu egin zen aurreko astean, ekainetik hona MyFerryLink izeneko ferry konpainiak bizi duen lan-gatazka dela-eta. Gatazka horrek kamioilari ugarik tuneleko instalakuntzen aurrean itxaron behar izatea eragin du, Erresuma Batura igaro ahal izateko.

Horren aurrean, immigrante askok ibilgailu horien barruan ezkutatzen saiatzen ari dira kanalaren beste aldera igarotzeko helburuarekin.

Astelehen gauean 2.000 ahalegin egon ziren, eta zenbateko hori murrizten joan da asteburuan izandako 300 eta 400 saiakeretara arte; aitzitik, gaur gauean kopurua areagotu egin da berriro ere.

Egoera larriagotu egin zela ikusita, Parisek 120 agente bidaltzea erabaki zuen joan zen astean segurtasuna areagotzeko. Londresek, bere aldetik, Erresuma Batura doazen kamioiak babesteko gune bat eraikitzera 10 milioi euro bideratuko dituela iragarri zuen, eta Coquelleseko terminalean hesia sendotuko duela.

Erresuma Batuko Immigrazio Legea

Halaber, Erresuma Batuko Gobernuak gaur jakinarazi du zorrotz jardungo duela immigrazio ilegalaren aurka. Gauzak horrela, Greg Clark ministro kontserbadoreak aurreratu duenez, uda ondoren izapidetuko den Immigrazio Legeak egoera irregularrean dauden egoiliarrak kanporatzera behartuko ditu etxejabeak.

Neurri horien arabera, higiezinen jabeak hasiera batetik ziurtatu beharko dute ez dizkiotela euren jabetzak Erresuma Batuan bizitzeko eskubiderik ez duten pertsonei alokatzen. Horrela egiten ez badute, isun bat jaso ahalko dute edota bost urtera arteko kartzela-zigorra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Migrazioa Europa Erresuma Batua albisteak Frantzia bideoak