Mundua -

Kalashnikov batekin

Hiru lagun zauritu dira tiroketa batean, Amsterdam-Paris trenean

Erasotzailea geldiaraztea lortu dute zauritutako bi bidaiarik eta Poliziak atxilotu egin du ondoren. Ez dute baztertzen atentatua izatea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru lagun zauritu dira ostiral honetan tiroketa batean, Amsterdam-Paris Thalys abiadura handiko tren baten batean. Horietako bi ''larri'' daude, Eliseoak ohar batean azaldu duenez. Gizonezko bat tiroka hasi da, Kalashnikov batekin, eta zauritutako bi bidaiarik erasotzailea geldiaraztea lortu dute. Zibilez zihoazen bi militar ziren.

Ondoren, trena Arras (Frantzia iparraldea) estaziora eraman dute, eta Poliziak atxilotu egin du erasotzailea.

Larrialdi zerbitzuek zauritutako hiru lagunak artatu dituzte, geltokian bertan. Horietako bi militarrak ziren, bata AEBkoa eta bestea britainiarra. Militarretako batek bala zauria du, eta besteak berriz, arma zuriz zauritu dute. Hirugarren zauritua Jean-Hugues Anglade aktore frantziarra da.

Iturri polizialak aipatuta Frantziako prentsak zabaldu duenez, 26 urteko ''marokoarra edo marokoar jatorrikoa'' da atxilotua, eta Bruselan igo zen trenera. Gainean kalashnikova, pistola eta hainbat arma zuri zeramatzan.

Ez dute baztertzen atentatua izatea

François Hollande Frantziako presidenteak erasoa gaitzetsi du, eta gertatutako ikertzeko lanean ari direla azpimarratu du.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak, bestalde, baieztatu egin du Terrorismoaren kontrako Fiskaltzaren eta Terrorismoaren kontrako Polizia zuzendaritza ordearen esku geratu dela ikerketa. ''Ekintza honek izaera terrorista izan dezake'', aurreratu du.

Parisko Fiskaltzak hainbat faktore oinarri hartuta utzi du ikerketa Terrorismoaren Kontrako zuzendaritza ordearen esku, ez baitute baztertzen atentatua izatea. Fiskaltzak azpimarratu duenez, atxilotuak gainean zeraman arma kantitate handiak eta tiroketa izan den egoerak eta testuinguruak bultzatuta hartu dute erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Parisen? Frantzia Herbehereak albisteak