Mundua -

Zatiketa Syrizan

Varoufakis ez da Tsiprasekin Greziako hauteskundeetara aurkeztuko

Halaber, Finantza ministro ohiak ez du zehaztu hauteskundeetara aurkeztuko ote den, edo aurkeztuz gero, zein alderdirekin egingo lukeen.

Yanis Varoufakis Finantza ministro ohi greziarra. Argazkia: EFE
Yanis Varoufakis Finantza ministro ohi greziarra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yanis Varoufakis Finantza ministro ohi greziarrak esan duenez, ez da aurkeztuko Alexis Tsiprasekin batera datozen hauteskunde orokorretara, Greziarentzako erreskate berriaren arauak lehen ministroak onartu izanarekin ados ez baitago.

France 2 Frantziako telebista-kateari eskainitako elkarrizketan Varoufakisek ez du zehaztu iraileko hauteskundeetara aurkeztuko ote den, edo aurkeztuz gero, zein alderdirekin egingo lukeen. Bai utzi du argi, ordea, ez lukeela Tsiprasekin batera aurkeztuko.

"Ezin dut bide horretan lagun izan, erreskate-programa berriaren inguruko erabakiak Syrizan zatiketa ekarri duelako, eta logikaz kanpoko politika horren aurka zeudenen artean atsekabea eragin duelako", azpimarratu du. "Zatiketaren ostean, Syrizaren historia amaitzear da", gaineratu du.

Varoufakisen aburuz, "haiek misioa zuten, hauteskunde-agindua, eta programa bati aurre egin behar zioten, baina horrek argi eta garbi kale egin du". "Misio hori modu bortitzean amaitu zen Tsiprasek erreskate berriaren baldintzak onartu zituenean", joan den uztailaren 13an, alegia.

"Ez dut uste beharrezkoak diren politika sozialak eta ekonomikoak aurrera ateratzeko gehiengo nahikorik sortuko dela Parlamentuan" hauteskundeen ostean, deitoratu du ministro ohiak.

Horren irudiko, "alde ekonomikotik edo sozialetik ikusita, Atenasi exijitutako politikek ez diote Greziari ezer onik ekarriko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak