Mundua -

Bruselaren zuzentaraua

EBren etiketa berriak gaitzetsi ditu Israelek, eta Palestinak eskertu

Kolono-guneetako produktuak identifikatzeko etiketa berriak jartzea eskatu du Bruselak. Erabakiak Europar Batasuna “lotsarazi” beharko lukeela adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolono-guneetako produktuak identifikatzeko etiketa berriak gogor kritikatu ditu Israelek. Erabakiak Europar Batasuna (EB) “lotsarazi” beharko lukeela adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Palestinarrek, ostera, ongietorria egin diote Bruselaren zuzentarauari.

Pauso “hipokrita” eman, eta denean “neurri bera ez erabiltzea” egotzi dio Israelgo Gobernuaren buruzagiak EBri; izan ere, Israel baino ez da halako neurrien helburu, “eta ez munduko beste 200 gatazkak”.

“Ez gaude Europak terrorismoaren erasoei aurre egin behar dien aldeari etiketa bat jartzeko prest”, azpimarratu du Netanyahuk. Israelgo ekonomiak kolpeari “eutsi” egingo dio, horren esanetan, baina “Israelgo fabriketan lanean ari diren palestinarrei kalte egingo die”.

Palestina Askatzeko Erakundearen hitzetan, Europaren erabakia “pauso bat da norabide egokian, baina ez da nahikoa, kolono-guneetako produktuak lapurtutako lurren baliabideekin ekoizten dituztelako, gerra krimenak dira, eta debekatu egin beharko lituzkete, ez etiketa bat jarri soilik”.

Hiru urte behar izan ditu EBk zuzentaraua onartzeko. Neurriak Israelen esportazioen ia % 2ri eragingo dio, Martin Kunecny EuMep gobernuz kanpoko erakundearen ordezkariak azaldu duenez. Guztira, ia 13.000 milioi euroko balioa duten produktuak esportatzen ditu Israelek Europara.

Neurri teknikoa edo boikota?

Juduen kolono-guneetako produktuei etiketa jartzeko neurria Europako Batzordeak onartu zuen. Erabakia urteetako lanaren ondorioa da. Bruselaren ahotan, ez da neurri politiko bat, ezta “boikota” ere, teknikoa baizik.

Nahiz eta “neurri tekniko” gisa aurkeztu, “Israeli presio politikoa egitea du xede nagusi”, Israelgo Atzerri ministroaren aburuz.

EB: “Kolono-guneetako produktuak ongietorriak dira”

“Helburua kontsumitzaileek produktuen jatorria ezagutzen dutela bermatzea da”, azaldu du Lars Faaborg-Andersen EBko enbaxadoreak Tel Aviven. “EBk ez ditu Israel bezala aintzat hartzen lerro berdetik harago dauden zonaldeak (1967an okupatutakoak), munduko estatuen % 99k bezalaxe”.

“Asentamenduetako produktuak ongietorriak dira Europako merkatuetan”, esan du Faaborg-Andersenek, “baina etiketa zuzena izan behar dute”.

Orain arte, produktuen jatorria “Israel” zela jasotzen zuten Europar Batasunean saltzen ziren produktu horiek, eta horrek ez zuen zentzu handirik; izan ere, EBk ez ditu lurralde horiek Israelgo lurraldetzat onartzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Brusela Israel albisteak Palestina azken orduko albisteak Benjamin Netanyahu Ekialde Hurbila gaur