Mundua -

Hannover

Alemania-Herbehereak partida bertan behera, atentatu arriskuagatik

Balizko mehatxu terrorista bat tarteko, Alemania-Herbehereak partida bertan behera utzi dute, hainbat tren eta metro geltoki itxi dituzte, eta kontzertu areto bat hustu dute.

Hannover estadioa. Argazkia: EFE
Hannover estadioa. Argazkia: EFE
Hannoverreko estadioa hustu dute, bonba mehatxu bat tarteko

1:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako agintariek baieztatu egin dute ez dutela lehergailurik atzeman Hannoverreko estadioan. Ordu batzuk lehenago, Poliziak estadioa ebakuatu egin du, Alemaniaren eta Herbehereen arteko futbol partida bertan behera utzi dute, eta hiriko tren geltoki nagusia, hainbat metro geltoki eta TUI Arena kontzertu aretoa ere itxi dituzte, ustezko mehatxu terrorista baten ondorioz.

Prentsaurrekoan, baina, Boris Pistorius Behe Saxoniako Barne kontseilariak baieztatu du oraingoz ez dutela lehergailurik atzeman, eta ez dutela inor atxilotu. Hori bai, polizia lanean ari da oraindik, dena argitzeko.

Bestalde, Thomas de Maiziere Barne ministroak esan du partida bertan behera uztea erabakitzea "gogorra" izan dela, baina lehentasuna "pertsonen segurtasunari" eman behar zaiola.

"Zantzuak oso handiak ziren, eta, horrenbestez, hausnarketa sakona egin ostean, partida bertan behera uztea erabaki dugu", gaineratu du.

Aldez aurretik, Wolker Kluwe Hannoverreko Poliziako buruak ohartarazi du "plan serioak" zeudela partidan atentatua egiteko.

Iluntzean, Alemaniaren eta Herbehereen arteko futbol partida bertan behera utzi dute, "segurtasun arrazoiak tarteko", estadioan atentatu terrorista egingo zuten "zantzu zehatzak" izan baititu Poliziak.

Gainera, Segurtasun Indarrek etxean geratzeko deia egin zieten herritarrei.

Alemaniak eta Holandak 20:45ean jokatu behar zuten partida Hannover hirian lagun arteko lehian, 2016ko Europako prestatzeko. Frantzian egingo dute datorren udan.

Hannoverreko poliziak etxera joateko eskatu diete ikusleei. "Irten zaitezte estadiotik. Ez gelditu hemen", esan dute segurtasun indarrek, DW Sports egunkari alemaniarraren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola argazkiak Alemania Herbehereak bideoak