Mundua -

Parisko atentatuak

Hollandek EI 'suntsitzeko ahal den guztia' egingo duela esan du

"Frantziak ahal duen guztia egingo du krimen horiek egin zituen fanatikoen armada suntsitzeko", adierazi du Frantziak biktimei egindako estatu omenaldian.

Hollande, biktimen omenezko ekitaldian. Argazkia: Efe
Hollande, biktimen omenezko ekitaldian.
Frantziako atentatuetan hildako 130 lagunei Estatu omenaldia, Parisen

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Les Invalides Jauregiak azaroaren 13an Parisen Estatu Islamikoko terroristek hil zituzten 130 lagunen omenezko ekitaldia hartu du gaur goizean, eta François Holland Frantziako presidenteak biktimen senideei hitzeman die ez duela "etsiko izuaren eta gorrotoaren aurrean", eta terrorismoaren kontrako borroka irabaziko duela.

Emozioz beteriko hitzaldia eman du Hollandek. "Azaroaren 13a sekula ahaztuko ez dugun eguna" izango dela azpimarratu du, "hiltzaile talde batek 130 pertsona hil eta ehunka zauritu" zituelako "arrazoi zoro eta traizionatutako jainko baten izenean".

"130 hildako. Zauritu ugari, betirako markatuta geratuko dira, euren barru-barruan traumatizatuta", gaitzetsi du agintariak, eta "bizitza, Frantzia eta askatasuna ordezkatzen" zutelako hil zituztela adierazi du.

Biktima guztien senideei hitzeman die "Frantzia aldamenean" izango dutela eta "ahal den guztia" egingo dutela "krimen horiek egin dituen fanatiko taldea suntsitzeko". Horretarako, "Frantziak berdina izaten jarraituko du, hildakoek hala maite zutelako eta hala nahiko luketelako", gaineratu duenez.

"Balore berberetan oinarritutako nazio bakarra gara", eta "terroristek zatitu eta batzuek besteen kontra jarri nahi gaituzten arren, porrot egingo dute", adierazi du, kalean afaltzera, futbol estadioetara eta kontzertuetara joaten jarraitzeko deia egin aurretik.

Hollande

Argazkia: Efe

"Haiek heriotzaren gurtza dute, eta guk bizitzaren maitasuna", babestu du Frantziako presidenteak.

"Etsai honi" demokraziaren, erakundeen eta Nazioarteko Zuzenbidearen armekin irabaziko diotela azpimarratu du.

"Erori zirenek gure baloreak ordezkatzen zituzten. Gure egitekoa da orain horiek bizirik edukitzea", aldarrikatu du.

Herritarren erreakzioa goretsi du

Era berean, Hollandek goretsi egin du atentatuen ostean herritarrek izan zuten erreakzioa eta erakusten ari diren patriotismoa, bandera erakusten eta 'La Marseillaise' kantatzen. Horren harira, gazteei egin die erreferentzia berezia, biktimen batez besteko adina 35 urtekoa zelako.

Ekitaldia 10:30 aldera hasi da, ereserkiarekin, eta horrekin amaitu da. Gainera, bi abesti mitiko kantatu dituzte: Jacques Brelen 'Quand on a que l?amour' eta Barbararen 'Perlimpinpin'.

Hollande

Argazkia: Efe

130 hildakoen izenak banan-banan irakurri dituzten unea izan da hunkigarrienetako bat. Senideak ere bertan ziren, baina hedabideek ezin izan dituzte haien irudiak hartu.

Hollandez eta Manuel Valls lehen ministroaz gain, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko burua eta Nicolas Sarkozy presidente ohi eta Errepublikanoen burua ere bertan izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken ordukoa Atentatuak argazkiak François Hollande argazkiak Gaurko azken ordukoa