Mundua -

Saudi Arabia

Saudi Arabiak 47 pertsona hil ditu, tartean, buruzagi xiita bat

Nimr al Nimr kleriko xiita ezagunari 2011ko eta 2012ko errebolten buruzagietako bat izatea leporatzen diote.

Saudi Arabiak buruzagi xiita hil du. Argazkia: EiTB
Saudi Arabiak buruzagi xiita hil du. Argazkia: EiTB
Udaberri Arabiarraren buruzagietako bat hilarazi du Saudi Arabiak

0:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saudi Arabiako Gobernuak 47 pertsona hil ditu terrorismoa egotzita, Al Arabiya telebista kateak jakinarazi duenez. Hildakoen artean Nimr al Nimr kleriko xiita ezaguna dago, 2011ko eta 2012ko errebolten buruzagietako bat izatea leporatzen diotena.

47 horietatik 45 saudiarabiarrak dira, tartean Al Nimr buruzagi xiita, eta beste biak, berriz, egiptoar bat eta txadar bat dira. Saudi Arabiako Barne Ministerioak ez du argitu hilketak egiteko zein metodo erabili duen, baina Saudi Arabiak lepoa moztuta hiltzen ditu, askotan, heriotza zigorrera kondenatutakoak.

Al Nimr xiita heriotza zigorrera kondenatu zuten "terrorismo" delitua, Saudi Arabian nazioarteko esku-hartzea bilatzea (Irani erreferentzia eginez), desobedientzia eta segurtasun indarren kontra armak hartzea leporatuta.

Tradizionalki zokoratua izan den Saudi Arabia ekialdeko komunitate xiitaren eskubideak aldarrikatzeagatik egin zen ezagun Nimr al Nimr kleriko xiita. 2009an hura atxilotzeko agindua eman zuen Saudi Arabiak, Gobernuak xiiten eskubideak errespetatu ezean probintzia xiitaren sezesioa gomendatzeagatik.

Saudi Arabiako Gobernuak hilketak justifikatu ditu eta, gainera, Abdulaziz al Al Sheij herrialdeko mufti handiak hilketak "bidezkoak" izan direla adierazi du telebistan egindako agerraldian.

Gaurkoak Saudi Arabiak 2016an egin dituen lehendabiziko hilketak dira. 2015ean 157 pertsona hil zituen eta 2014an, berriz, 90.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Erailketak Saudi Arabiari buruzko albisteak