Mundua -

'Rolling Stones' aldizkarirako

Sean Pennek 'Chapo' Guzman elkarrizketatu zuen urrian

Aktoreak eta narkotrafikatzaileak aurrez aurreko elkarrizketa izan zuten Guzman ihes eginda zegoela. Kate del Castillo aktore mexikarrak ere bileran parte hartu zuen.

'Chapo' Guzman, Sean Penn eta Kate del Castillo. Argazkia: EFE
'Chapo' Guzman, Sean Penn eta Kate del Castillo. Argazkia: EFE
Sean Penn aktorea eta 'Chapo' Guzman urrian bildu ziren

1:00

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rolling Stone aldizkari estatubatuarrak Sean Penn aktoreak Joaquin 'Chapo' Guzman narkotrafikatzaile mexikarrari -ihes eginda zegoela- egindako elkarrizketa argitaratu du.

Aktoreak eta narkotrafikatzaileak aurrez aurreko elkarrizketa bat izan zuten 2015eko urriaren 2ko gauean Mexikoko baso ingurune batean. Penn aktoreaz eta Guzman narkotrafikatzaileaz gain, Kate del Castillo aktore mexikarrak ere bileran parte hartu zuen. Hasiera batean zortzi egunera elkarrizketa formalago baterako hitzordua jarria bazuten ere, ez zen bilerarik izan. Dena den, 'El Chapo'k bideo bat bidali zion Sean Penni hark aurretik bidalitako galderei erantzunez.

Aldizkari estatubatuarrak "munduko gizon bilatuenari egindako bisitaren" kronika kontatu du "El Chapok hitz egin du" izenburupean argitaratutako testuan. Narkotrafikatzailearekin elkartzeko egindako kudeaketen berri ere eman du eta, horretarako, Kate del Castillo aktore mexikarraren kontaktuak baliatu zituztela adierazi du. Halaber, Sinaloako karteleko buruaren bizitzari buruzko xehetasunak ere bildu ditu Rolling Stone aldizkariak.

Bileraren helburua Rolling Stone aldizkarirako elkarrizketa egitea zen. Dena den, Sean Penn aktorearen esanetan, 'Chapo' Guzman narkotrafikatzaileak haren bizitzari buruzko filma egiteko asmoa agertu zion. Mexikoko agintariek adierazi dutenez, 'Chapo' Guzmanek filma egiteko agerturiko nahiak ahalbidetu du, besteak beste, narkotrafikatzaile mexikarra harrapatzea; izan ere, hainbat aktorerekin eta ekoizlerekin harremanetan jarria zen.

Elkarrizketaren edukia

Sean Penn aktoreak egindako elkarrizketan, 'Chapo' Guzmanek narkotrafikoren negozioan egindako lehen pausoak azaldu ditu eta gaineratu du 15 urterekin hasi zela drogaren munduan lanean. Kartzelan izan zen garaian negozioarekin jarraitu zuela ere azpimarratu du: "Ezer ez da gutxitu eta ezer ez da gehitu".

"Nire familiaren bizi nahi ditut Jainkoak ematen dizkidan egunak", adierazi du.

Penn aktoreak azaldu duenez, munduan beste inork baino heroina, meta-anfetamina, kokaina eta marihuana gehiago mugitzen du.

"Urpeko ontziz, hegazkinez, kamioiez eta itsasontziz osatutako flota bat daukat", nabarmendu du 'Chapo' Guzmanek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Drogak albisteak Mexiko Albisteak