Mundua -

Turkia

9 turista atzerritar hil dira Istanbulen, atentatu suizida batean

Zortzi biktima alemaniarrak dira. Zaurituen artean Alemaniako, Norvegiako eta Peruko turistak daude. Leherketa Sultanahmet auzoan gertatu da, Meskita Urdinetik hurbil.

Leherketa Istanbuleko erdialdean. Argazkia: EiTB
Leherketa Istanbuleko erdialdean. Argazkia: EiTB
Atzerriko turistak daude 10 hildako eta 15 zaurituen artean

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10 lagun hil dira Istanbulen, Turkiako hiriburuan, izan den atentatu suizida batean, Meskita Urdinaren inguruetan, Sultanhmet gune turistikoan.

Hildako guztiak atzerritarrak dira. Biktimen artean zortzi alemeniar daude, Berlingo Gobernuak baieztatu duenez. Peruko bizilagun bat ere hil da erasoan. Horrez gain, gutxienez 15 lagun zauritu dira; turista alemaniarrak, norvegiarrak eta peruarrak dira.

Atentatuaren ustezko egilea Estatu Islamikoaren kide bat izan da, Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak baieztatu duenez. Turkiako gobernuburuaren arabera, atentatuaren egilea Estatu Islamikoarekin Sirian borrokatzen zuen Saudi Arabiako herritarra izan da. Dogan agentziak dioenez, Nabil Fadli zuen izena, 1988an jaioa.

Bestalde, Davutoglu harremanetan jarri da Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin, doluminak helarazteko, hamar biktimetatik zortzi alemaniarrak zirela ezagutu duenean, Sabah Turkiako hedabideak Gobernuko iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Era berean, zauritutako alemaniarren gorpuak berreskuratzeko ahal duen guztia egingo duela ziurtatu dio eta, gainera, "nazioarte mailako organizazio terroristen kontra" egingo duela berretsi du.

Eztanda Meskita Urdinetik hurbil gertatu da. Leherketa meskitaren aurrean izan da, Teodosio obeliskotik oso gertu. Leherketaren zarata kilometro batera entzun dute eta anbulantzia ugari daude plazan.

Plaza eta inguruko kaleak sokaz inguratu ditu Poliziak. Alboko kaleen zirkulazioa bertan behera utzi dute eta tranbiaren zerbitzua etenda dago, CNNTurk albiste-agentziak erantsi duenez.

Turkia atentatuen jomuga izan da orain arte. Erasoak erakunde terrorista ezberdinek aldarrikatu dituzte. Urriaren 10ean ehun bat pertsona hil zituzten atentatu batean, Ankaran.

 

Leherketa Istanbulen efe

Leherketan hildako biktima bat. Argazkia: EFE

"Leherketa honekin, 2016 urtea bukatu da guretzako?

Meskita Urdina Turkiako tokirik turistikoenetarikoa da. Ondorioz, erasoa Turkiako industria nagusiari kalte egiteko helburua izan duela uste dute.

Sultanahmeteko Turismo Elkarteko presidenteak Hurriyet egunkariari aitortu dionez, erasoa ?eskualdeko turismoarentzako kolpe handia da?.

?Inguruan 7.000 hotel daude. Turistek orain alde egin nahi dute. Itzultzeko bidaia-txartelak bilatzen ari dira dagoeneko. Leherketa honekin, 2016 urtea bukatu da guretzako?, esan du.

Informazioari blokeoa jarri diote Turkiako buruzagiek

Eztandaren inguruko informazioak mugatzeko blokeoa inposatu dute Turkiako agintariek. Atentatuak gertatu ondoren ohiko neurria bihurtu da.

Urrian, antzeko blokeo bat ezarri zuen Gobernuak Ankarako eraso bikoitzaren ostean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Atentatuak argazkiak Eguneko albisteak