Mundua -

Hitzarmen nuklearra

Akordioa defendatu du Obamak, baina zigor gehiago baztertu barik

Irango 11 enpresaren edo pertsonaren aurkako zigor berriak iragarri ditu Altxorraren Departamentuak, Teheranek urrian misil balistikoekin probak egin zituelako.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irango programa nuklearraren inguruan lortutako akordioa eta zigorrak bertan behera uztea defendatu ditu gaur Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, baina terrorismoari laguntzeko ekintzei aurre egiten jarraituko duela erakutsi dio Teherani zigor berriak jarrita.

Etxe Zurian egindako agerraldian, akordio historikoarekin AEB, Ekialde Hurbila eta mundu guztia “seguruago” direla esan du Obamak. Akordio horri esker, atzerrian blokeaturik zituen 100.000 bat milioi dolar eskuragarri izango ditu berriro Iranek.

“Iranek arma nuklearrak ez bultzatzeko urrats handia izan zen atzokoa (…), eta garrantzitsuena, emaitza historikoa diplomaziari esker lortu genuela, Ekialde Hurbilean beste gerra bat izateko arriskurik hartu gabe”, adierazi du AEBko presidenteak. Halere, oposizioak gogor kritikatu du akordioa.

Iranek akordioa martxan jartzeko baldintzak bete zituela baieztatu zuen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA), eta, ondoren, Obamak zigorrak kentzeko agindua sinatu zuen larunbatean. Hitzarmenaren arabera, Teheranen programa atomikoa 10-25 urte atzeratuko dute, zigorrak kentzearen truke.

Doitasun handiko misil balistikoekin saioak

Hala ere, gaur bertan, Irango 11 enpresaren edo pertsonaren aurkako zigor berriak iragarri ditu AEBko Altxorraren Departamentuak, Teheranek iragan urrian probak egin zituelako doitasun handiko misil balistikoekin, NBEren debekuak urratuz.

Zigor berriei dagokienez, Obamaren esanetan, “arretaz” jarraituko dute Irango buruzagiek nazioarteko konpromisoak betetzen dituzten, nahiz eta akordio nuklearra aplikatzen hasi.

AEBn, hamaika enpresaren edo pertsonaren jabetzak izoztu dituzte zigorrek, eta transakzioetan ez dute AEBko finantza sistema erabiltzerik izango.

Hiru estatubatuar Alemaniara heldu dira

Bestalde, Iranek askatu dituen lau herritarretatik hiru Alemaniara heldu dira, Suitzan geldialdia egin ostean, Etxe Zuriko iturriek CNN telebistari baieztatu diotenez.

Hegazkinak Ramsteingo (Alemaniako hego-mendebaldea) basean lurreratu da. Jason Rezaian The Washington Post egunkariko berriemailea, Amir Hekmati soldadu ohia eta Saeed Abedini artzain kristaua eraman ditu hegaldiak.

Preso ohiak Landstuhlgo (AEBren ospitale militarra) Zentro Medikora eramatea espero da. Bertan azterketa medikoak egingo dizkiete, CNNren arabera.

Nosratollah Khosravi-Roodsari enpresaburuak, ostera, ez du hegaldi hori hartu, eta AEBko buruzagiek ez dute horren inguruko azalpenik eman.

Presoen trukea larunbatean adostu zuten AEBk eta Iranek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama argazkiak Eguneko albisteak