Mundua -

Europar Batasuna

Schengen eta mugak zaintzeko polizia aztergai izango dituzte 28ek

Europar Batasuneko Barne ministroek bilera dute gaur Amsterdamen, Europar Batzordeak egindako proposamenen inguruan eztabaidatzeko.

Errefuxiatu oldeari eusteko kontrolez arituko dira Europar Batasuneko Barne ministroek. EFE
Errefuxiatu oldeari eusteko kontrolez arituko dira Europar Batasuneko Barne ministroek. EFE

EUropa Press

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatu oldeari aurre egiteko Schengen eremuan ezar daitezkeen kontrolak eta jihadismoaren kontra aritzeko propio sortutako Mugen Kontrolerako Polizia. Bi gaiok hizpide hartuko dituzte gaurtik aurrera Europar Batasuneko Barne ministroek Amsterdamen.

Bi auzien inguruko akordioa ekaina bukatu baino lehen adosteko konpromisoa hartu zuten 28 herrialdeetako gobernu eta estatuburuek; eta gaurkoa izango da horren harira egiten duten lehen bilera.

Jihadismoaren kontrako borrokan, Europar Batasun osoko mugak zaintzeko 1.500 agenteko polizia taldea sortzea proposatu zuen abenduan Europar Batzordeak. Mugen Kontrolerako Talde horrek herrialde batean sartzeko eta jarduteko eskumena izango luke, hiru eguneko epean, "arazoa larria eta iraunkorra bada".

Gobernu batzuek zuhurtziaz hartu zuten asmoa, euren subiranotasunari eragingo ziolakoan. Besteak beste, Grezia eta Espainia agertu dira kontra.

Horrez gain, errefuxiatu oldeari aurrea hartzeko Schengen eremuan (zirkulazio libreko eremua) ezar litezkeen kontrolez ere mintzatuko dira ministroak. 26 herrialdeetatik zazpik kontrolak ezarri dituzte euren mugetan, eta sistema bera kolokan jarri dute.

Alemaniak, Austriak, Suediak, Frantziak, Maltak, Danimarkak eta Norvegiak indartu dituzte kontrolguneak. Schengenen ezarritakoaren arabera, neurriok behin-behinekoak behar dute izan, eta udaberrirako kenduak beharko lukete horietako batzuk.

Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, arriskutsua da kontrolak "arinkeriaz" ezartzea eta ondorioak izan ditzake barne merkatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Jihadismoa Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan albisteak