Mundua -

Bakezale baten heriotza

Conchita Picciotto hil da; 35 urte Etxe Zuriaren aurrean protestan

Picciotto Vigokoa zen eta Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurka egindako kanpaldi etengabeagatik da ezaguna. Washintongo emakume etxegabeentzako aterpe batean zendu da.

Concepcion Martin Picciotto bakezalea. Argazkia: cisc1970 (Creative Commons)
Concepcion Martin Picciotto bakezalea. Argazkia: Francisco Daum
Concepcion Martin Picciotto bakezalea. Argazkia: cisc1970 (Creative Commons)

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Concepcion Martin Picciotto bakezalea hil da, Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurka ia 35 urtez kanpaldia egiteagatik ezaguna egin dena. Ameriketako Estatu Batuetako historian protesta politiko publikorik luzeena egin duen pertsona da, askoren esanetan.

Washintongo emakume etxegabeentzako aterpe batean zendu da, N Street Village aterpeak berak The Washington Post egunkariari baieztatu dionez.

Nahiz eta hildakoaren adin zehatza ez jakin, 80 urte inguru zituela adierazi du egunkariak. Duela gutxi eroriko bat izan zuen, baina ez dute argitu haren heriotza zerk eragin duen.

Ospetsua Washingtonen

Gutxik zekiten haren izena, ezta AEBetara joan baino lehenagoko xehetasunik ere.

Conchita Martin Vigokoa (Galizia) zen, 1960an heldu zen New Yorkera, eta harreragile gisa egin zuen lan bertan, Espainiako enbaxadaren merkataritza bulego batean. Ondoren, etorkin italiar batekin ezkondu zen (horregatik Picciotto abizena), eta neskatxa bat alabatzat hartu zuten.

Senarrak alaba kendu nahi ziola iritzita, Washingtonera joan zen 1979an. Politikarien laguntza lortu nahi zuen, alaba berreskuratzeko, baina ez zuen arrakastarik izan.

1981ean, kanpaldia hasi zuen Etxe Zuriaren aurrean.

Thomas ekintzailea

William Thomas arma nuklearren aurkako ekintzailea ezagutu zuen bertan. Thomas kanpaldia egiten ari zen Pennsylvania etorbidean, Etxe Zuriaren aurrean, eta Conchitak bat egin zuen harekin.

Orduz geroztik, hiru hamarkada baino gehiago eman ditu Picciottok han, nahiz eta 2009an Thomas hil. Hiriburuko bizilagunen eta egunero Etxe Zuria bisitatzen duten milaka turisten artean, ospetsu bihurtu zen.

“Txakur berdinak, lepoko ezberdinekin”, esan zuen 2001ean, elkarrizketa batean. Horrela hartu zituen Picciottok 1981ean arma nuklearren aurkako protesta hasi zuenetik Etxe Zuritik pasatu ziren lau presidenteak (Reagan eta Bush semearen artekoak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Espainia albisteak Albisteak