Mundua -

Asia

Gutxienez 14 lagun hil dira Taiwanen izandako lurrikara baten ondorioz

6,4 graduko lurrikararen ostean, ehunka lagun hondakinen artean harrapatuta gelditu dira.

Azken orduotan hainbat lurrikara izan dituzte Taiwan uhartean. Argazkia: EFE
Azken orduotan hainbat lurrikara izan dituzte Taiwan uhartean. Argazkia: EFE
Taiwanen gutxienez 11 gorpu agertu dira lurra dardaka egin ostean

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 14 lagun hil dira Taiwan uhartean larunbat goizaldean izandako 6,4 graduko lurrikara baten ondorioz. Halaber, Larrialdietako Zerbitzu Nazionalak zabaldutako informazioaren arabera, 484 lagun zauritu dira -horietako 20 larri- eta 150 pertsona inguru falta dira.

14 hildako horietatik 12 Tainango Weiguan Jinlong eraikinean zeuden, tartean, hamar eguneko haur bat. Halaber, litekeena da desagertuetako 150 lagun horietako asko eraikin horren hondakinen artean harrapatuta egotea. Defentsa Ministerioak 800 militar mobilizatu ditu erreskate eta salbamendu lanetarako.

6,4 graduko lurrikara 03:57an gertatu da Taiwan hegoaldean (ostirala, 19:37 GMT). Lurrikararen epizentroa Meinung herrixka inguruan kokatu da, 16.7 kilometroko sakoneran.

Astinduak kalte handiak eragin ditu eraikinetan, hala, horietako batzuk eraitsi egin dira eta beste batzuk, esaterako, okertuta daude. Halaber, lurrikararen eraginez, 168.000 etxebizitza elektrizitaterik gabe gelditu dira eta beste 40.000, ostera, ur hornidurarik gabe daude.

Uhartearen iparraldea hegoaldearekin lotzen duen abiadura handiko trenaren zerbitzua ere etenda dago, hain zuzen ere, ilargi urte berriaren hasiera ospatu bezperatan.

Ma Ying-jeou Taiwango presidente eta Chang San-cheng lehen ministroa Tainan hirira joan dira erreskate lanak bertatik bertara jarraitzeko eta kaltetuei doluminak eta elkartasuna helarazteko. "1.200 ohe prestatu ditugu behin-behinean kaltedunei aterpea emateko", adierazi du Ma Ying-jeouk.

Pekingo eta Tokioko gobernuek laguntza eskaini diote Taiwani erreskate eta sorospen lanetarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko titularrak Albisteak Lurrikarak munduan Hondamendi naturalek kaltetutakoak Asia azken ordukoa Taiwan