Mundua -

Migrazio krisia

Errefuxiatuen krisian laguntzeko, ontziak bidaliko ditu NATOk Egeora

Turkiak, Alemaniak eta Greziak egindako eskaera onartu, eta Egeora "lehenbailehen" hiru ontzi bidaliko dituela iragarri du Aliantzak.

NATOko defentsa ministroak, irribarretsu, gaur Bruselan. EFE
NATOko defentsa ministroak, irribarretsu, gaur Bruselan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuen krisian Europar Batasuneko herrialdeei laguntzeko eta iheslariekin trafikatzen duten mafiak geldiarazteko misioan laguntzeko prest agertu da gaur NATO (Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea). Hala, Egeo itsasora (Turkia eta Grezia artean dago) hiru ontzi "berehala" bidaltzeko agindua eman du Aliantzak.

Turkiak, Greziak eta Alemaniak egindako eskaera aztertzeko bilera egin dute gaur Bruselan Aliantzako kideek. Bereziki hiru estatu horiek pairatu dute errefuxiatuen oldea, eta laguntza eskatu diote NATOri.

"NATOK errefuxiatuen krisian laguntzeko babesa emango duela onartu beharra dugu", esan du Jengs Stoltenberg Aliantzako jeneralak prentsaurrekoan.

"Egeo itsasoan hainbat nazio legez kontrako pertsonen trafikoaren eta immigrazio ilegalaren kontra egiten ari diren borrokan parte hartzea da helburua", zehaztu du.

Hala, "luzamendutan ibili gabe", Aliantzaren hiru ontzi Egeora joateko agindu dute. Ingurua zaintzeko eta informazioa biltzeko lanak egingo dituzte, Greziako, Turkiako eta Alemaniako ontziekin batera.

Stoltenbergek nabarmendu duenez, "laster beste aliatu batzuen laguntza izatea espero dugu".

Alemaniaren, Turkiaren eta Greziaren eskaera

Alemaniak, Turkiak eta Greziak elkarrekin aurkeztutako proposamenak "errefuxiatuen krisiari aurre egiteko Mediterraneoan itsas misioa handitzeko beharra" azpimarratu zuen. Asmoa Egeo itsasoan ere ontziak paratzea da, mafiei aurre egin ahal izateko.

"Hiru herrialde horiek azkar mugitu behar dugula esan digute, eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua erabat ados dago, pertsonen bizia dagoelako jokoan". Carterren esanetan, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko modurik "eraginkorrena" mafiei aurre egitea da.

"Pertsona gizajo horien kontura negozioa egiten ari den gaizkile talde bat dago horren atzean, eta horren kontrako operazioa da hau. Hauxe da biderik eraginkorrena", nabarmendu du AEBko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Alemania bideoak NATO Grezia Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Turkia albisteak