Mundua -

BIDAIA OFIZIALA

Mexikorako eta Kubarako bidaia abiatu du Frantzisko aita santuak

Eliza Ortodoxo Errusiarraren buruarekin bilduko da, gaur, Kuban, eta bihar iritsiko da Mexikora: Enrique Peña Nieto presidente mexikarrak hartuko du herrialde hartan.

Leonardo Da Vinci-Fiumicino aireportuan, Erroman, hartu du hegazkin Franciscok. EFE.
Leonardo Da Vinci-Fiumicino aireportuan, Erroman, hartu du hegazkin Franciscok. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak goizean hartu du, Erromako Leonardo Da Vinci-Fiumicino aireportuan, Kubarako hegazkina. Handik, Mexikora joango da, herrialde horretara egingo duen lehendabiziko bisita apostolikoari ekiteko. Otsailaren 18ra arte egongo da bertan.

Ehun bat lagunek lagunduko diote bidaian aita santuari, tartean, Vatikanoko funtzionarioak, logistika eta segurtasun arduradunak eta kazetariak.

Habanako aireportuan egingo du lehendabiziko geldialdia Frantziskok. Raul Castro Kubako presidenteak egingo dio harrera ofiziala. Ondoren, Eliza Ortodoxo errusiarraren buruarekin, Cirilo I.a patriarkarekin, bilduko da hiriburuan, eta, lehen aldiz, elkar besarkatuko dute. Bilera historikoa izango da, bi elizok XI. mendean bereizi zirenetik, aurreneko aldiz elkartuko baitira bateko eta besteko buruzagiak.

Mexiko

Kubatik Mexikorako bidea hartuko du, herrialde horretan egingo duen lehendabiziko bisita apostolikoari ekiteko. Vatikanotik jakitera eman dutenez, unerik gogoangarriena, bihar larunbata, Guadalupeko Amaren Santutegian emango duen meza izango da. 37.000 jarraitzaile biltzea espero da elizkizunean.

Hilabeteak daramatza Mexikok aita santuaren bisita prestatzen. Gobernuak segurtasun neurri handiak ezarriko ditu asteburu osoan, Frantziskok bisitatuko dituen guneak babesteko.

Bihar goizean iritsiko da Mexiko Hirira, eta Enrique Peña Nieto presidente mexikarrak egingo dio harrera ofiziala Gobernuaren egoitza nagusian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mexiko bideoak Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Kubako albisteak gaur