Mundua -

Europar Batasuna

Bosnia-Herzegovinak formalki eskatu du EBn sartzea

Hala eta guztiz ere, Europar Batasunak uste du Sarajevok oraindik ez dituela eskaera aurkezteko baldintza guztiak bete.

Efe
Efe
Efe

agentziak |errredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosnia-Herzegovinak Europar Batasunean sartzeko eskaera formala egin du gaur, eta "berandu baino lehen" EBn sartzeko hautagaien artean izatea espero du. Horretarako, baina, 28ek aho batez erabaki behar dute hautagai izatea, Europar Batasunaren aholku batean oinarrituta.

"Berehala iritzi positiboa jasotzea eta herrialde hautagai estatusa izatea espero dugu", azaldu du Dragan Covic Bosniako presidenteak, Europar Batasunean sartzeko hautagaitza aurkezteko ekitaldian.

Buruzagi bosniarrak aitortu du herrialdeak "gauza asko" egin behar dituela "sinesgarri" izateko eta "EBren familiako kide" izateko. Hala, "erronka askori" egingo omen diete aurre, barne hauteskundeak tarteko.

"Hitza ematen dizuet ez garela geldituko", azaldu du Covicek, Kroazia EBko kide dela eta Montenegro eta Serbia sarrera negoziatzen ari direla gogorarazi aurretik.

Federica Mogherini EBren diplimaziaburuak uste du Bosniaren eskaera "albiste ona" dela, "Europar Batasuna bera zalantzan jartzen ari den une batean, sartzeko borondatea" erakutsi duelako.

"Proiektu zoragarria da, ikaragarri handia, eta gure integrazio europarrak eta horrelako albisteek gogorarazten digute zein zortea dugun bakea eta elkarbizitza ekartzeko gai den kontinente batean bizitzeaz", azpimarratu du. "Hau ez da prozesuaren amaiera, kontrakoa baizik, fase berri baten hasiera", azpimarratu du diplomaziaburuak.

Baldintzak

Europar Batasunak barne koordinaziorako mekanismoak sortzea eskatu zion Bosniari, komunitateen artean dauden gatazkengatik, EBn sartzea negoziatzen hasteko. Era berean, Elkartasun eta Egonkortasun Ituna betetzea ere eskatu zioten. 2008an sinatutako aurre bat-egite akordioa da hori, baina urtetan atzeratu zuen Bosniak horren berrespena, erreformak aurrera eramateko gai izan ez zelako, komunitateen arteko gatazka politikoak medio.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auziotegiak 2009an emandako ebazpena betetzeko ere eskatzen diote Bosniari. Horren arabera, Sarajevok Konstituzioa aldatu behar du edozein herritarrek izan dezan goi-kargudun izateko aukera, baita gutxiengoan daudenek ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Europa Albisteak