Mundua -

WikiLeaks

AEBek Netanyahu, Berlusconi eta Ban Ki-moon zelatatu dituzte

WikiLeaksek argitaratutako agirietan, Merkelek eta Banek klima-aldaketari nola aurre egin aztertzen dute eta Obamaren Administrazioarekin negoziatzeko laguntza eskatzen dio Netanyahuk Berlusconiri.

Barack Obama AEBetako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Segurtasun Nazionaleko Agentziak (NSA) Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia zelatatu ditu, WikiLeaks atariak gaur argitaratutako agiri berrien arabera.

Banen eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arteko bilera batean NSAk egindako entzuketa sekretuak argitara eman ditu Julian Assangek sortutako erakundeak. AEBetako inteligentzia zerbitzuek zelatatu zutela bazekien Merkelek dagoeneko.

AEBetako espioitzak Netanyahuren eta Berlusconiren arteko elkarrizketa bat, Europar Batasuneko eta Japoniako merkataritza goi-kargudunen arteko bilera bat eta Berlusconi, Merkel eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiaren arteko batzar pribatu bat zelatatu zituen, WikiLeaksek jakinarazi duenez.

WikiLeaksek argitaratutako agirietan, Merkelek eta Banek klima-aldaketari nola aurre egin aztertzen dute, Barack Obamaren Administrazioarekin negoziatzeko laguntza eskatzen dio Netanyahuk Berlusconiri, eta Italiako banku sistemaren arriskuen berri ematen dio Sarkozyk Berlusconiri.

“Edonor arriskuan dago”

“NBEren erantzuna ikustea interesgarria izango da, inolako ondoriorik gabe idazkari nagusia espioien jomuga izan baldin bada, orduan edonor, nazioarteko buruzagi batetik kale-garbitzaile batera, arriskuan dago”, adierazi du Assangek.

WikiLeaksen garrantzia 2010eko uztaila eta urria artean areagotu zen Afganistango gerrako (2010) eta Irakeko bigarren gerrako (2003) agiri sekretuak argitara eman ondoren. Guztiak Bradley Manning AEBetako soldaduak egindako filtrazioak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Albisteak