Mundua -

AEB

Guantanamo ixteko Obamaren azken saiakera

91 preso daude egun Kubako espetxean. 30-60 preso AEBetara eraman nahi ditu presidenteak, baina errepublikanoak dagoeneko aurka agertu dira Kongresuan.

Guantanamoko espetxea. Argazkia: EFE
Guantanamoko espetxea. Argazkia: EFE
Guantanamoko espetxea. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guantanamoko kartzela ixteko egitasmo berri bat aurkeztu du Barack Obama AEBetako presidenteak. 30-60 preso AEBetara eramatea proposatu du buruzagiak, historiako "kapitulu" bat ixteko, baina errepublikanoak dagoeneko aurka azaldu dira Kongresuan.

"Arazoa hurrengo presidentearen eskuetan uztea ez dut nahi, bata ala bestea izan", adierazi du Obamak. AEBetako agintariak agerraldia egin du Etxe Zurian, Joseph Biden presidenteordearekin eta Ashton Carter Defentsa idazkariarekin batera.

Pentagonoak Kongresuari bidali dio egitasmoa. Kubako kartzela ixteko Obamaren azken saiakera da. Hala, 2008ko hauteskunde-kanpainan agindutakoa bete nahi du bere agintaldiaren azken hamaika hilabeteetan.

Espetxea ixteko argudioak errepikatu ditu Obamak: zabalik mantentzea terrorismoaren aurkako borrokarentzako "kaltegarria" da, AEBetako balioen kontrakoa da, segurtasun nazionala "ahultzen" du indartu beharrean eta nazioarteko harremanei kalte egiten die.

91 preso daude egun Guantanamon, baina 800 bat izan zituen George W. Bush orduko presidenteak zabaldu zuenean. Kubako kartzela 2001eko irailaren 11ko eraso terroristen ondoren ireki zuten.

Obamaren hitzetan, espetxea zuzenbidezko Estatuaren "eredua" izatearekin harro dagoen herrialde baten "orbana" da. Gainera, Guantanamo defendatzen jarraitzen dutenak kritikatu ditu buruzagiak, irailaren 11ko erasoen inguruko "epairik" ez delako bertatik atera.

Barack Obama efe Guantanamo

Barack Obama, Joseph Biden eta Ashton Carter. Argazkia: EFE

13 toki

Pentagonoak egindako egitasmoak 13 leku proposatzen ditu Guantanamoko 30-60 presoak hartzeko. Colorado edo Hego Carolinako espetxeak aipatzen ditu planak, baina baita base militarretan instalazio berriak eraikitzea ere.

Guantanamoko atxilotuak AEBetan hartzeko 290-475 milioi dolarreko aurrekontu bat aurreikusi du Gobernuak, azkenean hartzen den preso kopuruaren eta aukeratzen diren instalazioen arabera.

Guantanamoko presoak AEBetara eramateko debekuak ezarri ditu Kongresuak. Gainera, presoak beste herrialde batzuetara eramateko mugak aplikatu ditu, atxilotuak segurtasun nazionalerako mehatxu bat direla argudiatuta. Errepublikanoek bi ganberak kontrolatzen dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama albisteak Gaurko azken orduko albistea