Mundua -

Balkanetako ibilbidea

Errefuxiatu-oldeari aurre egiteko lankidetza falta aztertuko du EBk

Bitartean, Austriak eta Balkanetako bederatzi estatuk errefuxiatuak gelditzeko neurri berriak adostu zituzten atzo. Bestalde, errefuxiatuen inguruko referenduma iragarri zuen Hungariak.

Errefuxiatuak Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuaren krisiari aurre egiteko, neurrien bilakaera aztertuko dute gaur Europar Batasuneko (EB) Barne ministroek. Balkanetako ibilbidean izaten ari den lankidetza faltak arreta berezia bereganatuko du bileran; izan ere, milaka errefuxiatu harrapaturik daude Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan, azkenak mugak itxi ondoren.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa haserre azaldu da, Austriak aldebakarreko neurriak hartu ondoren. Austria errefuxiatuen helmuga nagusietako bat da. Mugetako kontrolak areagotu eta errefuxiatuak hartzeko kopuruak iragarri ditu Vienak.

Aldez aurretik bazkideei jakitera eman gabe, Estatu kideek aldebakarreko neurririk ez hartzeko presioa egin zuen Greziak iragan asteko goi-bileran. EBko kideen konpromiso eskas batekin amaitu zen bilera.

Austriaren ekimena

Astelehenean krisiari aurre egiteko bilera deitu zuen Austriak, eta atzo egin zuten. EBko hiru kide soilik gonbidatu zituen Vienak. Greziak eta Europako Batzordeak ez zuten gonbiterik jaso. Horregatik, Atenas haserre agertu da.

Austriak eta Mendebaldeko Balkanetako bederatzi herrialdek errefuxiatu-oldea geldiarazteko lankidetza areagotzea adostu zuten Vienan, neurri berriekin. Hala, EBri presio egin nahi izan zioten, erantzun komun bat “behartzeko”.

Horrela gauzak, Balkanetako egoera aztertzeko gosari batekin hasiko dute eguna Barne ministroek. Alemania, Austria, Eslovenia, Kroazia, Serbia, Mazedonia eta Greziako ministroek, EBko Kontseiluaren txandakako presidenteak (Herbehereak), Europako Batzordeak eta Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak parte hartuko dute.

Erreferenduma Hungarian eta kontrolak Belgikan

Bestalde, Greziatik eta Italiatik datozen errefuxiatuak EBko beste herrialde batzuetara bidaltzeko erabakiaren inguruan erreferenduma egingo duela iragarri du Hungariak. Neurria iaz adostu zuten EBko 28 kideek, Budapesten kontrako botoarekin. Viktor Orban kontserbadorearen Gobernuak erabakia EBko Justizia Auzitegira eraman zuen.

Belgikak aldi baterako kontrolak berriz jarri zituen Frantziako mugan, asteartean; Paris Calaiseko errefuxiatuen eta etorkinen kanpamentua desegiten hasi daitekeelako. Dagoeneko sei Estatu kidek (Danimarka, Suedia, Austria, Alemania eta Frantzia) mugetan kontrola jarri dituzte berriro.

Greziaren egoera ere aztertuko dute Barne ministroek. Kanpo mugetako kontroletan atzemandako arazo larriak konpontzeko hiru hilabete eman zizkion EBk Atenasi otsailaren 12an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Europar Batasuna 2023 Belgika argazkiak Greziako berriak Austria albisteak Hungaria