Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Hillary Clintonek garaipen argia lortu du Hego Karolinan

Demokraten artean, Clintonek hiru garaipen erdietsi ditu orain arte eta haren aurkari zuzena den Sandersek, berriz, bat. Astearte handira begira, bultzada hartu du Clintonek.

Hillary Clintonek garaipen argia lortu du Hego Karolinan. Argazkia: EFE
Hillary Clintonek garaipen argia lortu du Hego Karolinan. Argazkia: EFE
Clintonek irabazi du, eta alde handia atera dio Sanders hautagaiari

1:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hillary Clinton hautagai demokratak garaipen argia lortu du Hego Karolinako hauteskunde primarioetan, Bernie Sanders beste hautagai demokratari alde handia aterata.

Botoen % 10 zenbatuta, Clintonek botoen % 76,9 lortu du eta bere burua "sozialista demokratatzat" jotzen duen Sanders senatari independenteak, ostera, bozen % 22,5.

Datu horiek esku artean, Hego Karolinak jokoan zeuden 53 ordezkari demokrata gehienak bereganatuko ditu Clintonek. Demokraten artean, Clintonek hiru garaipen erdietsi ditu orain arte eta haren aurkari zuzena den Sandersek, ostera, bat. Astearte handira begira, bultzada hartu du Clintonek.

Telebista kateek Clintonen "garaipen erraza" iragarri dute Hego Karolinako hauteslekuak itxi orduko (00:00 GMT) eta lehen emaitza ofizialak argitaratu aurretik. Kasu honetan, inkestek aurreratutakoa bete da.

Duela astebete, Clintonek Nevadan jokoan zeuden 35 ordezkarietatik 20 bereganatu zituen eta Iowan otsailaren 2an, ostera, 42 ordezkarietatik 23.

Sandersek New Hampshire estatuan eskuratu du orain arteko garaipen bakarra eta bertan 19 ordezkari erdietsi zituen, Clintonek baino 10 gehiago (bederatzi guztira).

Clintonen garaipena iragarri eta gutxira, Sandersek ohar bat kaleratu du Clinton zorionduz. Dena den, kanpaina hasi baino ez dela egin eta martxoaren 1eko "astearte handira" itxaron behar dela nabarmendu du; izan ere, egun horretan 10 estatutan egingo dira hauteskunde primarioak.

"Hiru egunetan demokratek 11 estatutan aukeratuko dituzte ordezkariak, orain arte aukeratu ditugunak baino askoz ere gehiago", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB albisteak Eguneko albisteak Hillary Clinton albisteak Profila Hillary Clinton