Mundua -

Tsunamiaren urteurrena

Fukushima, milaka pertsona etxerik gabe bost urte geroago

Hondamendi naturala gertatu zenetik bost urte beteko dira ostiralean. Iwate, Miyagi eta Fukushimako 59.000 bat lagunek aldi baterako etxebizitzetan jarraitzen dute oraindik.

Kutsatutako hondakinekin beteriko zakuak Narahako kaleetan (Japonia). Argazkia: EFE
Kutsatutako hondakinekin beteriko zakuak Narahako kaleetan (Japonia). Argazkia: EFE
Kutsatutako hondakinekin beteriko zakuak Narahako kaleetan (Japonia). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2011ko martxoan Japoniako ipar-ekialdea suntsitu zuen tsunami batek eta milaka pertsonak etxera itzuli ezinik jarraitzen dute oraindik. Bertako buruzagiek jakitera eman dutenez, hamarkada bat igarota ere batzuk ezin izango dira bueltatu.

Iwate, Miyagi eta Fukushimako 59.000 bat lagunek aldi baterako etxebizitzetan jarraitzen dute gaur. Hondamendi naturala gertatu ondoren milaka pertsona eskualdetik ateratzeko agindua eman zuten agintariek. Erdia gutxi gorabehera ez dira oraindik euren etxeetara itzuli.

46 herrik etxebizitza berriak eraikitzen eta suntsitutako eremuak garbitzen jarraitzen dute. Hala ere, epe labur eta ertainera lanak bukatzeko oztopoak eta zailtasunak ugari dira.

Horien artean Fukushimako prefeturako 11 herri daude. 2011ko martxoaren 11n, lurrikarak eta tsunamiak hondamendi nuklearra eragin zuten, eta ehunka mila pertsona herrietatik atera zituzten.

Datorren ostiralean hondamendi naturala gertatu zenetik bost urte beteko dira. 18.500 pertsona hil edo desagertu ziren hondamendian.

Fukushima Daiichi zentralaren istripua Txernobylen (Ukraina), 1986an, gertatutakoaren atzetik larriena izan da. Isuri erradiaktiboek arrantzari, nekazaritzari eta abeltzaintzari  kalte handia egin diete.

Naraha, herri mamua

Narahako kaleak basamortua dirudite, nahiz eta bertako biztanleek etxera itzultzeko aukera izan dagoeneko. Herri mamua bilakatu da; izan ere, isiltasuna da nagusi.

Fukushima Daiichiko zentraletik 17 kilometro hegoaldera dago. Nahara gertuen dauden zazpi herrietako bat da, baina ebakuatzeko agindua bertan behera utzi dute buruzagiek.

Nahara Fukushima efe

Etxe bat Naharan (Japonia) ateak eta leihoak itxita. Argazkia: EFE

Hala ere, Japoniako agintariek 2015eko irailean Naharako erradiazio mailak onargarriak zirela erabaki zutenetik, 8.011 bizilagunetik 440 soilik itzuli dira herrira, Udaleko datuen arabera.

Naharan, Fukushima Daiichitik hurbil dauden beste herri batzuetan bezalaxe, lanpostu gehienak zentral nuklearrari lotuta zeuden. Ondorioz, istripuaren ostean biztanle askok lana eta etxea galdu zituzten.

Lore eskaintzak eta isiluneak

Japoniako ipar-ekialdeko herri askok 2011ko martxoaren 11ko lurrikara eta tsunamiaren biktimak gogorarazi zituzten atzo.

Rikuzentakatan, Iwateko prefeturan, ehun bat lagunek, biktimen senitartekoek gehienbat, omenaldia egin zuten. Bestalde, Kesennumako hondartza batean, Miyagiko prefeturan, 50 bat bizilagunek lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin zuten, herriko 40 hildakoak eta 18 desagertuak gogorarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Japonia argazkiak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Lurrikarak Asia azken ordukoa Tsunami alerta gaur