Mundua -

Hondamendia

Isiltasuna Japonian, tsunamiaren bosgarren urteurrenean

“Sendaiko soroak harresi beltz bat bezala irentsi zituen olatuaren telebistako irudiak ezin izango ditugu ahaztu”, adierazi du Akihito enperadoreak.

Lore eskaintza Sendain (Japonia). Argazkia: EFE
Lore eskaintza Sendain (Japonia). Argazkia: EFE
Tsunamiaren bosgarren urteurrena oroitu dute Japonian

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japoniak minutu bateko isilunea gorde du gaur, duela bost urte gertatutako lurrikara eta tsunamia gogorarazteko. 18.000 pertsona hil eta desagertu ziren Japoniako ipar-ekialdean, eta Fukushimako zentral nuklearrean istripua eragin zuen hondamendiak.

Hala, 14:46an minutu bateko isilunea gorde dute Japoniako txoko guztietan egindako ekitaldietan. Ordu horretan 9 graduko lurrikara gertatu zen, 2011ko martxoaren 11n.

Zeremonia ofiziala Tokioko Antzoki Nazionalean egin dute. Akihito enperadoreak, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak eta tragediako biktimen senitartekoek parte hartu dute.

“Harresi beltza”

“Sendaiko soroak harresi beltz bat bezala irentsi zituen olatuaren telebistako irudiak ezin izango ditugu ahaztu”, adierazi du Akihito enperadoreak.

Akihito eta Michiko Japoniako enperadoreak efe tsunamia

Akihito eta Michiko Japoniako enperadoreak. Argazkia: EFE

Akihitok elkartasuna adierazi die hildakoen senitartekoei, eta oraindik “etxera itzuli ahal izan ez diren pertsona guztiei” bere “atsekabea” agertu die.

Abe: "Hondamendiak oraindik jarraitzen duela sentitzen dut"

“Hondamendiak oraindik ere jarraitzen duela sentitzen dut", esan du lehen ministroak. “Pixkanaka-pixkanaka kaltetutako eremuak konpontzen” ari direla azpimarratu du Abek.

Japonia tsunamia urteurrena Sendai efe

Lore eskaintza Sendain (Japonia). Argazkia: EFE

Minutu bateko isilunea herrialdeko beste toki batzuetan errepikatu dute. Era berean, lore eskaintzak egin dituzte leku sinbolikoetan. Tsunamiak gehien astindutako herrietan ekitaldiak egin dituzte, Ishinomakin eta Minamisanrikun esaterako.

Ipar-ekialdeko kostaldeko herrietan zoritxarreko egun hartako tsunami alarma entzun dute berriro. Orduko olatu erraldoiak 20 metroko altuera harrapatu zuen.

2011ko martxoan Japoniako ipar-ekialdea suntsitu zuen tsunami batek eta milaka pertsonak etxera itzuli ezinik jarraitzen dute oraindik. Bertako buruzagiek jakitera eman dutenez, hamarkada bat igarota ere batzuk ezin izango dira bueltatu.

59.000 bat lagunek aldi baterako etxebizitzetan jarraitzen dute

Iwate, Miyagi eta Fukushimako 59.000 bat lagunek aldi baterako etxebizitzetan jarraitzen dute gaur. Hondamendi naturala gertatu ondoren milaka pertsona eskualdetik ateratzeko agindua eman zuten agintariek. Erdia gutxi gorabehera ez dira oraindik euren etxeetara itzuli.

46 herrik etxebizitza berriak eraikitzen eta suntsitutako eremuak garbitzen jarraitzen dute. Hala ere, epe labur eta ertainera lanak bukatzeko oztopoak eta zailtasunak ugari dira.

Tsunamia urteurrena Japonia Fukushima Sendai efe

Minutu bateko isilunea Sendain (Japonia). Argazkia: EFE

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Lurrikarak munduan Lurrikaretan hildakoak