Mundua -

Ttilpleaks

TTIP akordioari mesede egiteko AEBren presioak salatu ditu Greenpeacek

EBren eta AEBren arteko negoziazioen 248 agiri argitara emango ditu talde ekologistak. “Europar Batasunaren prozesu legegile eta demokratikoa aldatzeko saiakerak” salatu ditu.

TTIPleaks txostena. Argazkia: Efe
TTIPleaks txostena. Argazkia: Efe
TTIP akordioaren kronologia

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoa (TTIP) ixteko, EBren eta AEBren arteko negoziazioetan baliatu dituzten 248 agiri argitara emango ditu Greenpeace talde ekologistak gaur. Filtrazioak agerian uzten du Washingtonen jarrera, erakunde ekologistaren arabera. Hala, “Europar Batasunaren prozesu legegile eta demokratikoa aldatzeko saiakerak” salatu ditu Greenpeacek.

Herbehereetako Greenpeacek eskuratu zituen agiri sekretuak, eta gaur argitaratuko ditu, “beharrezkoak diren gardentasuna eta eztabaida bultzatzeko”, agiri batean azaldu duenez.

Agiriek “klima, ingurumen eta kontsumitzaileen babeserako arrisku garrantzitsuak” erakutsiko dituztela ohartarazi du elkarte ekologistak.

Greenpeaceren hitzetan, EBn tradizio luzea dute ingurumena babesteko neurriak, baina negoziazioetatik desagertu egin direla ematen du, horren ustez.

Erakunde ekologistaren ahotan, babes horiek desagertuta “mozkinak bizitzaren eta gizakien, animalien eta landareen osasunaren aurretik jartzen dituzte bi aldeek”.

Ingurumenaren babesa

Klimari dagokionez, TTIParekin ingurumena babestea zailagoa izango dela ziurtatu du Greenpeacek; izan ere, agiri horietan “ez dago klima babesteko ezer”, ezta Parisko COP21 akordioari erreferentzia egiten dion ezer ere.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan aipatzen den EBren ardura printzipioa “ez dute inon jaso”, Greenpeacek salatu duenez.

“Arriskuan oinarritutako ikuspuntua”, ostera, behin baino gehiagotan agertzen da, AEBren eskakizuna delako. Ikuspegi horren arabera, gai arriskutsuak kudeatu ahalko dira, horiek saihestu beharrean.

Bestalde, enpresek eta lobbyek “erabakietan hasieratik parte hartzeko aukera dute”, Greenpeaceren esanetan.

Dokumentuak argitara

Herbehereetako Greenpeacek UEren eta AEBren arteko negoziazioen dokumentuak eman ditu argitara, jendeak eztabaida dezan informatzeko, "1.000 milioi pertsonaren bizitzei eta ingurugiroari" eragingo dioten itunaren "mehatxua" dela eta.

Akordioaren zirriborroaren erdia da argitaratu dutena, 248 orri. Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, adostutako testuaren hiru laurden jasotzen omen dira orri horietan.

EBk berretsi du ez dela araudia arinduko

Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak berretsi du TTIPen akordioak ez dituela "arinduko" kontsumitzaileak eta ingurugiroa babesteko arau europarrak.

"EBk egingo duen akordioak sekula ez ditu kontsumitzaileak, elikadura edo ingurugiroa babesteko arauak arinduko. Merkataritza akordioek ez dituzte genetikoki moldatutako organismoei, haragi segurua ekoizteari eta ingurugiroa babesteari buruzko arauak aldatuko", azpimarratu du Malmstromek bere blogean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Merkataritza Gobernuz Kanpoko Erakundeak