Mundua -

AEB

Trump abizena, Panamako Paperetan agertzen diren 32 enpresari lotua

Guztiek lotura zuzena izan ez arren, batzuk bai, Manhattango Trump Towerren egoitza dute eta.

Donald Trump, AEBetako hauteskundeetan hautagai errepublikano izateko aukera gehien duena. Efe
Donald Trump, AEBetako hauteskundeetan hautagai errepublikano izateko aukera gehien duena.
Donald Trump, AEBetako hauteskundeetan hautagai errepublikano izateko aukera gehien duena. Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump enpresaburu eta AEBetako hauteskundeetan hautagai errepublikano izateko aukera gehien duenaren abizenak lotura du zerga paradisuetan dauden eta Panamako Paperetan agertzen diren 32 enpresarekin, Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak aste honetan argitaratu duen zerrendan agertzen denez.

Panamako Paperen bilatzailean agertzen diren enpresa horiek bost helbide dituzte: bik, Panaman; beste bik, Seulen; eta batek, AEBn.

AEBko helbidea Trump Tower Manhattango etxe orratzari dagokio, enpresaburuarena den eraikinari. Etxe orratz horretan eman zuen Trumpek hitzaldia New York estatuko primarioak irabazi zituenean.

Dena dela, Trumpek bere izena eta irudia saldu izan die inbertitzaileei; beraz, Panamako Paperetan bere abizena agertzeak ez du esan nahi elkarte horiekin lotura zuzena duenik.

32 enpresa horietako bik, hala ere, Trump Ocean Club izena dute, enpresaburu estatubatuarrak higiezinen alorrean egin duen proiektu handienetako baten izena, Panaman dagoen 284 metroko altuerako hotelarena hain zuzen ere.

Era berean, Trumpen abizena Irla Birjinetan, Panaman, Samoan eta Seychelleetan erregistratutako beste hainbat elkartetan agertzen da.

Kazetarien partzuergoak Panamako Paperen bilatzailean azpimarratzen duenez, bertan agertzen diren elkarteen erabilera "zilegi" da kasu batzuetan, eta ez duela esan nahi legea urratzen ari direnik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB albisteak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Panama Latinoamerika albisteak