Mundua -

Desagerpena

EgyptAir hegazkineko bidaiarien lehen gorpuzkia aurkitu dute

Eserlekuen eta bidaiarien maleten artean aurkitu dute desagertutako EgyptAir hegazkineko bidaiarien gorpuzki zati bat , Mediterraneo itsasoan.

Egyptairren hegazkina. Argazkia: Efe
Egyptairren hegazkina.
EgyptAir hegazkineko bidaiarien gorpuzkiak aurkitu dituztela dio Egiptok

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mediterraneo itsasoan eroritako Egyptair hegazkineko bidaiari baten gorpuzki zati bat aurkitu dute Egiptoko Indar Armatuek, eserlekuen eta bidaiarien maleten artean, Panos Kamenos Greziako Defentsa ministroak gaur jakinarazi duenez.

"Gorpuzki zati bat, bi eserleku eta maleta batzuk topatu dituztela esan digute (Egiptoko agintariek) orain dela ordu batzuk", azaldu du Kamenosek prentsaurrekoan.

Joan den ostegunean A-320 hegazkina desagertu zen tokitik hegoalderantz aurkitu dituzte gorpuzkia eta beste objektuak.

Bestalde, Egiptoko Indar Armatuek ostiral honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez, ostegunetik desagertuta zegoen EgyptAir hegazkinaren hondarrak aurkitu dituzte kostaldean dagoen Alexandria hiritik 290 kilometrora.

Aldi berean, Egiptoko Itsas Armadak hegazkineko bidaiarien hainbat ondasun ere topatu ditu, eta kutxa beltzaren bila jarraitzen du.

Frantziak ez du hipotesirik lehenetsi

Jean-Marc Ayrault Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak ez du hipotesirik lehenetsi atzo desagertu zen Egyptairren hegazkinaren inguruan, Mediterranioa zeharkatzen ari zenean radarretik zergatik desagertu zen jakiteko arrazoirik ez dutelako eskuartean.

"Uneotan zuhur" jokatu beharra dagoela eta "Egiptoren eta Frantziaren artean elkarlana" dagoela berretsi du ministroak. Horren harira, Egiptoko Atzerri Gaietarako ministroarekin hitz egin zuela eta zalantza berak agertu zizkiola azaldu du.

Atzo eguerdian, François Hollande Frantziako presidenteak aitortu zuen hegazkina erori egin zela eta ez zela hipotesirik baztertu behar, ezta eraso terroristarena ere.

AEBk ez du leherketa zantzurik atzeman

Hegazkinaren desagerpenaren inguruko sateliteko argazkiak aztertu dituzten AEBko adituek ez dute oraingoz leherketaren inguruko inolako zantzurik ikusi, Reuteres albiste-agentziak zabaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia François Hollande argazkiak Hegazkin istripuak Albisteak Egipto gaur Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak Ekialde Hurbila