Mundua -

Hauteskundeak

Van der Bellen ekologistak ultraeskuindarrak menperatu ditu Austrian

Herrialdeko hurrengo presidenteak garaipen estua lortu du, eta herrialdea batzeko lan egingo duela aurreratu du.

Alexander Van der Bellen ekologista. EFE
Alexander Van der Bellen ekologista. EFE
Van der Bellen ekologistak Austriako hauteskundeak irabazi ditu

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Posta bidezko botoek Alexander Van der Bellen ekologistari eman diote garaipena Austriako Presidentziarako hauteskundeetan, eta, horrenbestez, hautagai 'berdea' izango da herrialdeko hurrengo estatuburua, bertako hedabideek aurreratu dutenez.

Hain zuzen ere, Van der Bellenek botoen % 50,3 jaso ditu. Aldea 31.026 botokoa baino ez da izan azkenean.

Atzo hauteskundeetako bigarren itzulia egin zuten, baina emaitza oso estua izan zen Van der Bellenen eta Norbert Hofer ultraeskuindarraren artean. Horregatik, posta bidez bozkatu duten 700.000 pertsonen botoak zenbatu arte itxaron behar izan dute, irabazlea nor den ezagutzeko.

Igandean, Hoferrek garaipena aldarrikatu zuen, alde txikia zuelako, baina adituek ohartarazi zuten atzerriko botoa hautagai ekologistaren aldekoa izan zitekeela, hainbat herrialdetan kezka piztu baita ultraeskuindarren balizko garaipenarekin.

Atzo, ultraeskuindarrak 144.006 botoko aldea zuen, baina posta bidezko botoak goitik behera aldatu ditu emaitzak.

Hautagai ezkertiarrak hiriburu guztietan eta bederatzi estatuetako lautan irabazi du, eta eskuindarra nekazaritza-guneetan izan da nagusi batik bat.

Austrian, Presidentzia sinbolikoa da gehienbat, eskuduntza gutxi dituelako, baina hauteskundeak arreta handiz jarraitu dira, ultraeskuindarren hazkundearen beldur.

Werner Faymann kantzelariak dimisioa eman zuen lehen itzuliko emaitzak ezagutu eta gero, sozialdemokratek porrot egin baitzuten.

"Zatiketaren aurka"

Arratsaldean eskainitako prentsaurreko batean, Van der Bellenek adirazi du zatiketa politikoaren aurka lan egin nahi duela.

"Asko hitz egin da herrialde honetako zatiketei buruz: ezker-eskuina, hiriak eta landa-eremuak, goikoak eta behekoak, gazteak eta zaharrak… Baina uste dut ikuspegi hau izan dezakegula: Austria osatzen duten bi erdiak dira, eta bata bestea bezain garrantzitsua da", esan du 72 urteko politikariak.

Presidenteak neutrala izan nahi du, eta, horregatik, uko egin dio Berdeetan militante izateari. Alderdi horrek finantzatu eta babestu du haren hautagaitza, baina bera independente gisa aurkeztu da.

Hori horrela, bi alderdi nagusietakoa (sozialista eta popularra) ez den lehen presidentea izango da Van der Bellen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Europako herrialdei buruzko albisteak Eguneko albisteak Austria albisteak