Mundua -

Greziako krisia

Euroguneak 10.300 milioi euro emango dizkio Greziari zorra ordaintzeko

Hortik aurrerako ekarpenentzat, pribatizazioekin, bankuen legediarekin, zerga-bilketa agentziarekin eta energiaren sektorearekin lotutako neurriak eskatuko dizkiote.

Moscovici eta Tsakalotos. Argazkia: Efe
Moscovici eta Tsakalotos.
Hitzarmena Eurotaldea eta Nazioarteko Diru Funtsaren artean

1:21

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneak Greziari zorra eta fakturak ordaintzeko beste 10.300 milioi euro ematea adostu du, eta zorra arintzeko epe labur, ertain eta luzeko neurriak iragarri ditu, Nazioarteko Diru Funtsak hirugarren erreskatearekin bat egiteari ateak irekitze aldera.

86.000 milioi eurorainoko erreskatea berriz artzertzeko lehen bileraren ostean eman dute akordioaren berri, eta Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek erabaki dute ekainaren erdialdean ematea lehenengo 7.500 milioi euroak, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari dirua itzuli eta atzerapenei aurre egin ahal izateko.

Gainerako 2.800 milioi euroak "uda ostean" emango dizkiote hainbat zatitan, Klaus Regling Euroguneko erreskate funtsaren zuzendariak azaldu duenez. Hortik aurrerako ekarpenentzat, pribatizazioekin, bankuen legediarekin, zerga-bilketa agentziarekin eta energiaren sektorearekin lotutako neurriak eskatuko dizkiote Atenasi, horren esanetan.

Diru gehiago emateko, Greziak ekintza batzuk gauzatzen dituela egiaztatu behar dute; mailegu berankorren salmenta irekitzeko legediaren "zuzenketak", pentsioen erreforma eta pribatizazio alorreko neurriak, besteak beste.

Lehenengo berrikusketa Eurotaldeak adostu behar duen sorta baten lehenengo zatia da, eta bigarren zutabea Greziaren zorra arintzeko neurriak dira, ezinbestekoa Nazioarteko Diru Funtsak hirugarren erreskatean parte har dezan.

Euroguneak ez du Greziaren superabit helburua ukitu, eta 2018an % 3,5ekoa izan behar du, baina, NDFren arabera, hori lortzea ezinezkoa da zorra arindu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer ari da gertatzen Europan? Ekonomia 2024 Greziako albisteak Gaurko azken orduko albistea Tsakalotos