Mundua -

Bisita historikoa

Obama, Hiroshiman: 'Mundua bonba atomikoarekin aldatu zen'

Japoniako hirira joandako lehen AEBko presidenteak aitortu duenez, "Historiari begiratu behar diegu akats berdinak ez egiteko". Ez du, ordea, barkamenik eskatu.

Barack Obama AEBko presidentea lore-koroa uzten. Argazkia: Efe
Barack Obama AEBko presidentea.
AEB-ko Presidente baten lehen bisita

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Mundua bonba atomikoarekin aldatu zen", aitortu du gaur Barack Obama AEBko presidenteak Hiroshiman. Buruzagi demokrata duela 71 urte bonba nuklearrak txikitutako Japoniako hirian izan da ostiral honetan, eta bertara joan den lehen presidente estatubatuarra bilakatu da, horrenbestez. Obamaren iritzian, 1945eko abuztuaren 6 hartan agerian geratu zen "gizakiak bere burua suntsitzeko bitartekoak zituela".

"71 urte igaro dira egun horretatik. Goiz argia zen, hodeirik gabekoa. Heriotza zerutik etorri zen, eta mundua aldatu egin zen", esan du Obamak bere hitzaldia hasteko.

AEBko buruzagiak "Historiari begiratzeko" deia egin du "akats" berdinak ez egiteko. Dena dela, aurreikusita zegoen moduan, ez du barkamenik eskatu.

Presidente estatubatuarrak lorez egindako koroa utzi du Hiroshiman hildako 140.000 lagunen omenezko monumentuan, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa, Hiroshimako eta Nagasakiko alkateak eta biktima batzuk ondoan zituela.

Barkamen eskerik ez

Etxe Zuriak aurreratu bezala, barkamen eskaerarik ez du egin Obamak. Dena dela, aitortu egin du II. Mundu Gerran Hiroshima eta Nagasaki hirien kontra egindako erasoen "bortizkeria", eta esan du "errugabeek" pairatu zituztela buruzagi politikoen erabakiak.

Obamaren esanetan, Japoniako bi hiriok "hondamendiaren" ikur bihurtu ziren 1945ean, baina baita munduaren "esnatze moralaren hasieraren" ikur ere. "Akatsetatik ikasi behar dugu", erantsi du.

"Mundua betiko aldatu zen hemen", esan du Obamak, eta zentral nuklearrik gabeko mundua aldarrikatu du. AEBko presidentearen aburuz, aurrerapen zientifikoek "bizimodua hobetu behar dute, ez bizia suntsitu. Iraultza zientifikoak iraultza morala behar du".

Barack Obama Hiroshima Shinzo Abe Japonia bomba nuclear bonba atomikoa. EFE

Obama Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa agurtzen. EFE

Hiroshima zapaltzen lehena

Agintari estatubatuarra G7aren Ise-Shimako goi-bileran izan da azken egunotan, eta hitzordua baliatuta, bonba atomikoak txikitutako hirira bisita historikoa antolatu du. Izan ere, bertara joan den lehen presidente estatubatuarra da Obama.

Inkesten arabera, AEBko herritar askok uste dute oraindik 1945ean jaurtitako bonbak justifikatuta zeudela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama argazkiak Gaurko azken orduko albistea