Mundua -

Erreferenduma

Britainiarrek erabaki dute

Inkesten arabera, Europar Batasunean jarraitzearen aldeko aukerak irabazi du, tarte txikiarekin. Behin betiko emaitzak ostiral goizaldean ezaguturaziko dituzte.

Hauteslekuak ireki dituzte 'Brexit'ari buruzko galdeketarako

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuan erreferendum historikoa egin dute. Hauteslekuak 23:00etan itxi dituzte eta goizaldean jakingo dugu Europar Batasuneko kide izaten jarraitzea edo Europar Batasuna uztea erabaki duten.

Guztira, 46 milioi herritarrek izan dute boza emateko aukera. Galdeketan honako galdera horni erantzun diote: "Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide gisa jarraitu beharko luke edota Europara Batasuna utzi beharko luke?"

Bozkatzeko eguna normaltasunez gauzatu da, Europar Batasunaren aldeko eta kontrako politikarien kanpainan eztabaida gogorrak eta alarmistak izan badira ere.

Eguraldia lagundu ez duen arren (hainbat tokitan euri asko egin du, tartean Londresen), parte-hartzea handia izan da, deialdiaren garrantziaren erakusgarri.

Erresuma Batuan deitutako azken erreferenduma 1975ean egin zuten, komunitateko gainerako herrialdeekin izan beharreko harremanari buruz galdetu zuten orduan. Bi urte lehenago, 1973an, sartu Erresuma Batua Europako Komunitate Ekonomikoan.

Ostegun honetako erreferenduma David Cameron lehen ministro britainiarrak deitu zuen otsailean, Europar Batasunarekin hainbat erreforma negoziatu eta adostu ostean.

Jarraitzearen alde

Boto-asmoari buruz egindako inkesta ezberdinak aintzat hartuta, Europar Batasuneko kide izatearen aldeko aukera gailenduko da, alde txikiarekin bada ere.

Populus konpainiak Internet bidez egindako zundaketaren arabera, Europar Batasunaren geratzearen aldekoak % 55 izango dira; eta kontrakoak, % 45.

‘Evening Standard’ komunikabideak kaleratutako inkestaren arabera, berriz, Europar Batasunaren segitzearen aldekoak % 52 izango dira; eta kontrakoak, % 48.

Europar Batasuneko kide izaten jarraitzearen aldeko iritziaren gorakada duela astebete inguru hasi zen, Jo Cox Europaren aldeko diputatu laboristaren hilketaren ostean.

Europar Batasuneko proiektua, duda-mudan

Erresuma Batuak erreferendum historikoa egingo du gaur, ez baitu bakarrik Europar Batasunean jarraituko duen edo ez erabakiko; izan ere, hautetsontzietatik aterako den emaitzak Batasuneko proiektuaren etorkizunean ere eragin zuzena izango duelako, kontinenteko bigarren ekonomiak irteteko ibilbideari ekitea adostuz gero.

Aste luzeak iraun duen kanpaina gogorraren ostean, bi aukeren aldeko alderdiek (Stronger In --Indartsuago barruan-- eta Vote Leave --Bozkatu ateratzea--) euren argudio sendoenak erabili zituzten azken egunean. Horrenbestez, jarraitzearen aldekoek horrek ekonomiarako dakarren onura eta Brexitak ez lukeela izango atzera-bueltarik azpimarratu zituzten; aldiz, dibortzioaren aldekoek subiranotasuna berreskuratzea eta mugen kontrola izan zituzten hizpide.

Berdinketa teknikoa izan da nagusi inkestetan David Cameron lehen ministroak otsailean Europar Batasunaren barruan britainiarrentzat estatus berri bat izateko akordioa lortu zuenetik, eta horrela jarraitu du azken egunera arte. Aitzitik, jarraitzearen aldeko jarrerak gorakadatxo bat nabaritu du joan zen ostegunean gertatutako Jo Cox diputatu laboristaren erailketaren ostean.

Hori horrela, azken erabakia zalantzati dauden herritarren eskuan egongo da, baina baita, eta batez ere, parte-hartzearen kopuruan. EBren aldekoek jakin badakite parte-hartze txikia egotea dela euren interesen kontrako mehatxurik handienetakoa.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak Erresuma Batua bideoak David Cameron bideoak Albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita