Mundua -

Egun historikoa

Kolonbiako Gobernua eta FARC, erabateko sinaduratik urrats batera

Ituna sinatzen dutenetik, 180 eguneko epean entregatuko ditu armak FARCek. Epe horretan, gerrillako kideak trantsizio guneetara eramango dituzte, eta handik zibil gisa aterako dira.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) iragarri dutenez, behin betiko bake akordioa sinatu ostean, 180 eguneko epea abiatuko dute eta, tarte horretan, gerrillak armagabetze prozesua burutuko du, "aldebiko" eta "behin betiko" su-etena jasotzen duen bide orriaren arabera.

Hala iragarri dute ostegun honetan Habanan. Bertatik irakurri dute Aldebiko eta Behin Betiko Su eta Borroka Etenerako Akordioa; Armagabetzea; gizahilketak eta sarraskiak egiten dituzten, edo Giza Eskubideen defendatzaileak, mugimendu sozialak eta mugimendu politikoak erasotzen dituzten, organizazio kriminalen aurkako borroka eta segurtasun bermea.

Sinatutako akordioaren arabera, puntu nagusian jaso dutenez, FARCek "aldebiko eta behin betiko" su-etena eta "armagabetzea" gauzatuko dute, eta gerrillako kideek bizitza zibilarekin eta politikoarekin bat egingo dute ondoren.

Testuan, segurtasun bermeak ere gaineratu dituzte, eta epeak zehaztu dituzte gerrillak NBEri armak entregatzeko: 180 egun, gehienez, behin betiko bake akordioa sinatzen den egunetik.

"Egiaztapen mekanismo batek" egiaztatuko du akordioa betetzen ari dela, eta NBEren, CELACen, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen ordezkariek hartuko dute parte bertan. Lantalde horretan konponduko da sor daitekeen edozein arazo.

180 egun, 'E' egunetik

Akordioak 'E' egun bat ezartzen du, eta, horretan, epe guztiak martxan jarriko dira. 'E' egun horretan, behin betiko akordioa sinatuko dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz izango den.

Ondoren, biharamunean, Segurtasun Indarrek "berrantolatu" egingo dituzte euren tropak, gerrillariak behin-behineko 22 eremutara eta zortzi kanpamendutara eramateko. Leku horietatik, gerrillariak arma barik eta zibil bihurtuta aterako dira.

"Ezingo da zibilik sartu" kanpamendu horietan, eta "gaikuntza" lanak egingo dituzte bertan, gerrillariak "legaltasunera itzultzeko".

Gune horiek gehienez sei hilabetez izango dira irekita, eta FARCek 180 egunean bukatu beharko du armak entregatzeko prozesua.

Nazioarteko babesa

Ekitaldian, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko burua eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia izan dira.

Raul Castro Kubako presidenteak eta Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroak ere hartu dute parte bake-prozesuaren herrialde "bermatzaileak" izan baitira, eta Nicolas Maduro eta Michelle Bachelet Venezuelako eta Txileko agintariek, herrialde "laguntzaile" gisa.

Besteak beste, agintari hauek ere izan dira Habanan: Danilo Medina (Dominikar Errepublika), Salvador Sanchez Ceren (El Salvador) eta Enrique Peña Nieto (Mexiko)

Europar Batasunetik eta AEBtik, Eamon Gilmore eta Bernard Aronson ordezkari bereziak bidali dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken ordukoa Kubako albisteak gaur Kolonbia