Mundua -

Frantzia

Bahiketa batek hiru hildako utzi ditu Normandiako eliza batean

Batetik, bahituetako bat, elizako abadea, hil dute erasotzaileek; bestetik, Poliziak bi bahitzaileak akabatu ditu. Poliziak gizonezko bat atxilotu du.

Bahiketa Normandiako eliza batean. Argazkia: EiTB
Bahiketa Normandiako eliza batean. Argazkia: EiTB
Hollande: 'Elkartuta eta gogor erantzungo diegu'

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Normandiako eskualdean, eliza batean bi gizon armatuk aurrera eraman duten bahiketak hiru hildako utzi ditu. Bahituetako bat hil dute erasotzaileek. Bestalde, Poliziak bi bahitzaileak akabatu ditu. Erasoaren arrazoien inguruko xehetasun gehiagorik ez dute eman oraingoz.

Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu du eta Terrorismoaren Aurkako zuzendariordeari eta Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiari gertatutakoa argitzeko agindua eman die, erakundeak berak agiri batean azaldu duenez.

Horren harira, gizon bat atxilotu dute poliziek, hainbat hedabidek zabaldu dutenez, ikerketako iturriak aipatuta.

Agintariek, baina, ez dute atxiloketaren zehaztasunik eman, ezta elizan sartu diren bi terroristekin loturarik duen ere, Le Figaroren esanetan.Frantziako Poliziak bi etxebizitza miatu ditu herrian. Miaketetako batean, eraso duten elizatik 300 bat metrora, terroristetako bat bizi zen, ustez, eta bertan atxilotu dute aipatutako gizona.

Beste etxebizitzan, elizatik kilometro batzuetara dagoen auzo batean, ustez beste terroristaren gurasoak bizi diren lekuan, Poliziak beste miaketa bat egin du, baina ez dute zehaztu atxiloketarik egin ote duten.

Horrez gain, Amaq agentziak jakitera eman duenez, bi egileak "Estatu Islamikoaren soldaduak" ziren. Agentziaren arabera, bi bahitzaileek "gurutzatuen koalizioko herrialdeei eraso egiteko deiari erantzuteko" egin dute operazioa.

Le Figaro egunkariaren arabera, hildako bahitua elizako abadea litzateke. Antza denez, lepoa ezpata batekin moztu diote. Hala ere, Barne Ministerioak ez du informazioa baieztatu, baina beste bahitu bat “hilzorian” dagoela jakinarazi du.

Saint Etienne du Rouvrayko elizan bost pertsona bahitu dituzten erasotzaileak hil dituzte Poliziako indar bereziek, Frantziako Barne Ministerioaren bozeramaileak jakitera eman duenez.

"Gerra deklaratu digute"

Francois Hollande Frantziako presidentea eta Bernard Cazeneuve Barne ministroa bertaratu dira jadanik.

Behin hara heldu denean, Hollande apaizaren familiarekin eta ordu bat inguruan bahituta izan diren pertsonekin bildu da eta "samina, baina ulertzeko gogoak ere" helarazi diote presidenteari.

Hollandek segurtasun indarren bizkortasuna eskertu du, "tarte oso motzean esku hartu" dutelako eta, horrek, heriotza gehiago izatea saihestea lortu du, bere iritzian.

Gainera, presidente frantziarrak gogorarazi duenez, mehatxuak "oso handia izaten jarraitzen du", bere herrialdeak aurrez aurre duen organizazioak gerra deklaratu diolako, eta gerra hori "edozein modura ere egin beharrekoa da, baina legeak errespetatuta".

"Terrorista horiek banandu nahi gaituzte", esan du eta, gogorarazi duenez, beste herrialde batzuk ere, besteak beste, Alemania, mehatxupean daude.

Aldarrikapen islamistak

Poliziako iturri batek Le Figaro egunkariari baieztatu dionez, bi gizonek, labanekin armaturik, abadea, bi moja eta bi eliztar bahitu dituzte. Bien bitartean, beste moja batek ihes egitea lortu eta abisua eman du.

France Info irrati publikoak jakitera eman duenez, elizan sartu direnean erasotzaileek aldarrikapen islamistak oihu egin dituztela azaldu dio ihes egitea lortu duen mojak Poliziari. Hala ere, informazio hori ez dute baieztatu.

"Eraso ankerraren” aurrean “blokea osatzera” deitu du Vallsek

Elizaren aurkako “eraso ankerra” gaitzetsi du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak, eta “blokea osatzera” deitu du.

Erasoaren “izugarrikeria” deitoratu du Vallsek. “Frantzia osoa eta katoliko guztiak atsekabetuta gaude. Blokea egingo dugu”, idatzi du lehen ministroak Twitter sare sozialean.

Era berean, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagia erasoa gaitzetsi du sare sozialetan eta atzean jihadismoa dagoela aditzera eman du: “Erasoa egiteko moduak atentatu terrorista islamista berri baten aurrean gaudela agerian uzten du”.

“Indarkeria zentzugabearen” aurrean “atsekabetuta” eta “izututa” agertu da Frantzisko aita santua. Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak agiri bat igorri du, Egoitza Santuaren “atsekabea eta kezka” adierazteko.

Just nu: Person skjuten inne på Rosengård Centrum.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken ordukoa Frantzia berriak Atentatuak Estatu Islamikoa Albisteak Vatikanoko azken ordukoa