Mundua -

Estatu Islamikoaren erasoa

Adel Kermiche, Normandiako terroristetako bat

19 urte zituen eta Seine-Maritime (Frantzia) eskualdekoa zen. Segurtasun indarrek ezaguna zuten; izan ere, azken urteetan bi aldiz saiatu zen Siriara heltzen.

Neskato bat biktimen omenez otoitz egiten Saint-Etienne-du-Rouvrayn (Frantzia). Argazkia: EFE
Neskato bat biktimen omenez otoitz egiten Saint-Etienne-du-Rouvrayn (Frantzia). Argazkia: EFE
Neskato bat biktimen omenez otoitz egiten Saint-Etienne-du-Rouvrayn (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saint-Etienne-du-Rouvrayko elizaren (Normandia) aurkako erasoa aurrera eraman duen terroristetako bat Adel Kermiche da, Francois Molins fiskalburuak jakitera eman duenez. Estatu Islamikoko bi erasotzailek Jacques Hamel abadea hil zuten atzo.

Molinsek azaldu duenez, Kermichek 19 urte zituen eta Seine-Maritime (Frantzia) eskualdekoa zen. Segurtasun indarrek ezaguna zuten; izan ere, azken urteetan bi aldiz saiatu zen Siriara heltzen.

2015eko martxoaren 23an Kermicheren desagerpena salatu zuen haren familiak. Gutxi geroago Alemaniako poliziek atxilotu zuten Siriara sartzeko saioan. Anaiaren nortasuna erabili zuen saiakeran. Frantziara itzuli zenean, Seine-Maritimetik alde egitea debekatu zioten eta astero epaitegian agerraldia egin behar zuen.

Hala ere, 2015eko maiatzaren 11n familiak gaztearen desagerpena salatu zuen berriro. Atxilotzeko nazioarteko agindua igorri zuten orduan. Bi egun geroago Turkian atxilotu zuten. Lehengusuaren nortasunarekin Sirian sartzen saiatu zen.

Espetxeratzea

Frantziako epaitegiek espetxera bidali zuten. Hala, martxoaren 18ra arte kartzelan egon da. Orduz geroztik etxean giltzapeturik egon da eta besoko elektronikoa eraman behar izan du.

“Bigarren terroristaren identifikazioarekin lanean ari dira”, erantsi du Molinsek. Ikerketako lehen xehetasunak jakinarazi ditu fiskalburuak agerraldi publikoan.

Bestalde, “adingabe bat atxilotu” dutela azaldu du Ministerio Publikoko buruzagiak. 17 urteko aljeriar bat da, “Adel Kermicheren agiriekin Siriara bidaia egin duen susmagarri baten anaia”, azpimarratu du.

Lehergailu “faltsuak”

Bi terroristek “arma zuriak” erabili zituzten, konkretuki, hiru labana. Elizako abadeari lepoa moztu zioten. Era berean, lehergailu “faltsuak” eraman zituzten. Sukaldeko erloju bat aluminiozko paperean bilduta zuten, bonba baten itxurak egiteko, Molinsek azaldu duenez.

Moja batek ihes egitea lortu eta abisua eman zuen. Segurtasun indarrek “negoziazio bat hasi” zuten. Terroristak elizatik atera ziren bahituak ezkutu gisa erabiliz, baina hil egin zituzten. "Allahu Akbar" (“Ala handia da”) garrasi egin zuten.

86 urteko eliztar bat ere sastakatu zuten erasotzaileek, baina arriskutik kanpo dagoela argitu du Molinsek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken ordukoa Atentatuak argazkiak Jihadismoa hoy