Mundua -

Erdialdeko Amerika

Nikaraguako oposizioko 28 diputatu kargutik kendu dituzte

Kargugabetu dituzten diputatuek botere legegilearen aurkako 'estatu kolpetzat' jo dute erabakia.

Botere legegilearen kontrako 'estatu kolpea' izan dela salatu du oposizioak. Argazkia: EFE
Botere legegilearen kontrako 'estatu kolpea' izan dela salatu du oposizioak. Argazkia: EFE
Botere legegilearen kontrako 'estatu kolpea' izan dela salatu du oposizioak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nikaraguako Hauteskunde Batzorde Gorenak (CSE) oposizioko PLI Alderdi Liberal Independenteko 28 diputatu kargutik kendu ditu, Pedro Reyes alderdiko buruzagi berriaren aginduak ez betetzea egotzita. Itzalean, Daniel Ortega Nikaraguako presidentearen aliatu izatea leporatzen diote zenbaitek.

Hauteskunde Batzorde Gorenak Reyesek egindako eskaria onartu du. Justiziak hartutako erabaki baten ondotik, Pedro Reyesek Eduardo Montealegreren tokia hartu zuen PLI alderdiaren buruzagitzan. Ondorioz, alderdia utzi eta independente gisa jarraitzea erabaki zuten aipaturiko 28 diputatuek eta horiek kargugabetzea eskatu zion Reyesek Hauteskunde Batzordea Gorenari.

Iris Montenegro Asanblea Nazionaleko presidenteak iragarri duenez, Hauteskunde Batzorde Gorenaren aginduari men egin dio eta 28 diputatu (16 titular eta 12 ordezko) kargutik kendu ditu. PLI alderdiaren hauteskunde zerrendako hurrengoek ordezkatuko dituzte.

Kargugabetuko diputatuek Nikaraguako Parlamentuaren kontrako 'estatu kolpea' salatu dute

Kargugabetu dituzten 28 diputatuek botere legegilearen aurkako 'estatu kolpetzat' jo dute erabakia. "Oposizioko diputatuen kargugabetze masiboak ez du aurrekaririk Nikaraguako historian eta erabaki horrekin Daniel Ortegaren erregimenak estatu kolpea eman dio botere legegileari", salatu du Wilber Lopez diputatuak 28en izenean.

Salatu dutenez, Hauteskunde Batzorde Gorenaren erabakiak "herritarren botoarekiko mespretxua" erakusten du eta "dagoeneko ahula den demokrazia suntsitzen du, oposizioaren azken gune instituzionala itxiz".

Gainera, Estatuko botereen oreka, independentzia printzipioa eta Parlamentuko aniztasun politikoa hautsi direla deitoratu du oposizioak. Halaber, alderdi bakarreko sistema inposatu nahia egotzi diote oposizioko kideek Ortega presidenteari.

Azaroaren 6an egingo dituzte hauteskunde orokorrak Nikaraguan eta Daniel Ortega egungo presidentea berrautaketara aurkeztuko da. PLI Alderdi Liberal Independentea buru zuen oposizioko koalizioak, ordea, ez du bozetan parte hartuko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken orduko albistea Nikaragua