Mundua -

6,2 gradukoa

Lurrikara handi batek Italia astindu du eta 241 pertsona hil dira

Herri kaltetuenetako bat Amatrice da. "Herriaren erdia dagoeneko ez da existitzen", ohartarazi du alkateak. 2009an L'Aquilan jazotako seismoarekin alderatzen dute: 300 lagun hil ziren bertan.

Amatrice herria (Italia), suntsituta. EFE
Amatrice herria (Italia), suntsituta. EFE
Lurrikara batek 120 hildako utzi ditu dagoeneko Italian

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richter eskalan 6,2 gradu harrapatu dituen lurrikara batek Italiako erdigunea astindu du asteazken gauean. Ondorioz, gutxienez 241 pertsona hil, eta kalte material handiak izan dira, batik bat Norcia (Perugia) eta Amatrice eta Accumoli (Lazio) herrietan. Biztanle gutxiko udalerriak dira hirurak, baina asko hazten dira udan, turisten etorrerarekin.

"Italia kolpatutako familia da gaur, baina gelditzen ez dena", esan du Matteo Renzi Italiako lehen ministroak, Reititik egindako agerraldi batean.

Azaldu duenez, bihar bertan elkartuko da Ministro Kontseilua, kaltetutako zonaldeei laguntzak zuzentzeko eta, ziurtatu duenaren arabera, "larrialdia epe luzean kudeatu beharreko gauza da" eta "denek egoerak eskatzen duen maila ematea" desiratu du.

Gainera, azaldu duenez, kopuruak gora egin beharko du, dozenaka pertsona desagertu baitira eta, gainera, oso zaila da zehaztea zenbat lagun gera litezke hondakinen artean, turista asko egon ohi delako garai honetan.

Ordu batzuk lehenago, Renzik ziurtatu egin du Italiako Gobernuak ez duela inor “bakarrik” utziko, eta lurrikarak kaltetu dituen eremuetan bizi diren familiei eta udalei ere laguntza emango diela esan du.

Arratsaldean, Renzik goizean egin duen agerraldian eskerrak eman dizkie zonalde horretan lan egiten ari diren boluntarioei, lur azpian harrapatuta geratu diren pertsonak bizirik ateratzeko ahaleginak egiten ari direlako.

“Datozen ordu, egun eta asteetako larrialdi-egoerei aurre egiteko lanean jarraitu behar dugu. Orain, ordea, bizirik dauden pertsonak erreskatatu behar ditugu”, gaineratu du.

Lurrikara handia

AEBko Zerbitzu Geologikoaren (USGS) arabera, lurrikara 03:36an jazo da, eta Norciatik 10 kilometro hego-ekialdera izan du epizentroa. Ondoren, erreplikak izan dira: 3,9 eta 5,5 graduko bi, Norcian bertan, eta 4,6 graduko beste bat, Amatricen. Ehun bat erreplika jaso dira, guztira, eta erdiak 3 gradutik gorakoak izan dira. Adituen esanetan, baliteke oraindik 6 graduko erreplikak egotea.

lurrikara Italia EFE

Erreskate-taldeak hondakinak miatzen ari dira, jendearen bila. Argazkia: EFE.

Dardara L'Aquilatik gertu jazo da. 2009an, 6,3 graduko lurrikara bat izan zen bertan, 300 pertsona hil ziren, eta Abruzzo eskualdea erabat suntsituta geratu zen. Babes Zibileko arduradunak gaur gauean izandako lurrikararekin alderatu du duela zazpi urte izandako hura.

Amatrice herriaren erdia "dagoeneko ez da existitzen"

Accumoliko alkateak, Stefano Petruccik, esan du familia bereko lau kide hil direla bertan; horietako bi, ume txikiak. Epizentrotik gertuen dagoen udalerria da Accumoli, eta hainbat turista Roma Hoteleko hondakinen artean daude harrapatuta, La Repubblica egunkariaren arabera.

lurrikara Italia EFE

Hainbat herritan, kalte materialak oso handiak dira. Argazkia: EFE.

Italiako Gurutze Gorriaren arduradun batek jakitera eman duenez, lurrikarak kalteak egin ditu zubi batean, eta, hortaz, bakarrik oinez sartu ahal da herrian. Hori dela eta, asko moteltzen ari dira biktimak erreskatatzeko lanak.

 

Amatricen, Sergio Pirozzi alkateak baieztatu du egoera "dramatikoa" dela, eta herriaren erdia suntsituta dagoela.

 

"Herriaren erdia dagoeneko ez da existitzen; pertsona ugari hondakinen azpian daude", esan du Pirozzik, Sky telebista katean.

Azkenik, Pescara del Tronton, "herria dagoeneko ez da existitzen; ia etxe guztiak eraitsi dira", esan du Arquata del Tronto udalerriko alkateak, Aleandro Petruccik.

"Suhiltzaileak lanean daude, egoera ikaragarria da eta; pertsonak daude eraitsitako etxeen azpian", azaldu du. Udalerri horretan, larrialdetako taldeek zazpi edo zortzi lagun bizirik atera dituzte hondakinetatik; tartean, ume bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Batasun europarra Zer ari da gertatzen Europan? Gaurko titularrak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Italiako albisteak Lurrikarak Sumendien erupzioek kaltetutakoak