Mundua -

241 hildako

Lurrikara Italiako erdigunean: ehunka erreplika eta bilaketa lanak

Erlojuaren aurka ari dira lanean, Italian, bizirik dauden lagunen bila. Momentura arte, 250 pertsona hil dira, balantze ofizialaren arabera.

Behin-behineko datuen arabera, 241 hildako daude. Argazkia: EFE.
Behin-behineko datuen arabera, 241 hildako daude. Argazkia: EFE.
Lurrikararen erreplikek erreskate taldeen lana zailtzen dute Italian

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italian erlojuaren aurka ari dira lanean, herrialdeko erdialdean jazotako lurrikara suntsitzailearen biharamunean, bizirik dauden lagunak aurkitu eta erreskatatzeko. Ofizialki, 250 pertsona hil dira; tartean, Eusko Jaurlaritzak dituen datuen arabera, ez dago EAEko herritarrik. Kanpo-arazoetarako Espainiako Ministerioak, aldiz, baieztatu du Granadako emakume gazte bat hil dela; 27 urte zituen.

Hainbat erakundetako 5.400 lagun ari dira lanean, xede izanik hondakinak kentzea eta kaltetuei laguntza ematea. Italiako Babes Zibilak dituen datuek diote 1.000 polizia-agente dabiltzala, 1.060 suhiltzaile, 400 militar eta 3.000 bat boluntario, Gurutze Gorrikoak edo Baso Taldekoak, adibidez. Halaber, suhiltzaileek 30 txakur-unitate eraman dituzte, txintxorren azpian bizirik dauden lagunak topatzeko.

Babes Zibilak adierazi duenez, bilaketa-lanak kalte handienak izan dituzten herrietan ez dira eten gauean: "Lagun gehiago topatzea ezinezkoa dela pentsatzen dugunean utziko diogu bilatzeari, ez lehenago", esan dute. Arquata del Tronto, eta Pescara del Tronton (Ascoli probintzian), eta Amatricen eta Accumolin (Rieti probintzian).

Bertan dauden taldeen lana da, halaber, kaltetuei laguntzea; hori dela eta, 4.000 laguni ostatu emateko moduko kanpalekuak prestatu dituzte, Accumoli, Amatrice, Montegallo eta Arquatan, bai eta Umbria eskualdeko beste bost udalerritan ere; Umbrian ez da biktimarik izan, baina bai kalte materialak, eta, hala, etxean lo egiteko beldur direnek aukera izango dute gaua leku seguruan pasatzeko.

Erreplikak etengabean

Eraikin gehiago erori dira gaur, osteguna, Amatricen, 4,3 graduko lurrikara berri batek eskualdea astindu eta gero. Sismo berria 14:36ean izan da,  Geofisika eta Bolkanologia Institutu Italiarrak (IGNV) zehaztu duenez, eta Amatriceren parkearen ondoan zegoen eraikin bat goitik behera bota du, hain zuzen, boluntarioentzako behin behineko ostatua dagoen lekuan.

Hala, sismoak beldurrak airean eduki ditu Amatriceko bizilagunak eta jendearen urduritasuna nabaria zen kalean, horietako askok alde egin behar izan dute etxetik asteazkeneko lurrikaragatik.

IGNVren arabera, 470 erreplika baino gehiago izan dira atzo goizaldeko lurrikara izan zenetik.

Zehatz-mehatz, erreplika gehienak 3-4 gradukoak izan dira, baina Norcia inguruan 5,4koa jaso dute 04:33ean.

5:17ean, epizentroa Accumolin izan duen 4,5koa erregistratu dute, alegia, Italiako erdigunea txikitu duen lurrikara izan zen zonalde berean.

Behin-behineko datuen arabera, 250 hildako

Italiako Babes Zibilak baieztatu duenez, orain arte 250 lagun hil dira, baina datua behin-behinekoa da; izan ere, baliteke kopuruak gora egitea, hainbat desagertu daudelako. Gainera, 365 lagun ospitaleratu dituzte momentura arte.

Erreskate-lanak bereziki zailak dira Arquata edo Accumolin; mendi-herriak dira, eta ia ezinezkoa da etxeetara heltzea lurretik. Hortaz, sorosleak helikopteroz eraman behar izan dituzte, eta eraitsitako eraikinen sabaien gainean ari dira lanean.

EAEko herritarrik ez, hildakoen artean; Granadako emakume gazte bat zendu da

Eusko Jaurlaritzak dioenez, esku artean dituen datuen arabera, ez da EAEko herritarrik hildakoen artean. Hala esan diote Jaurlaritzaren iturriek Europa Pressi.

Iñigo Urkullu lehendakariak telegrama bat bidali dio Italiak Bilbon duen kontsulari, lurrikararen ondorioen aurrean doluminak adierazteko: "Oso hunkituta gaude biktimen balantzea ikustean, bai eta kalte material handien berri izatean", zioen telegramak.

Kanpo-arazoetarako Espainiako Ministerioak, aldiz, berretsi dio Eferi emakume espainiar gazte bat hil dela.

Espainiak Erroman duen kontsulatuak jakitera eman duenez, Granadan 1989an jaiotako emakume bat da, Ana Huete. Oraingoz, bera da Espainiako biktima bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken orduko albistea Italiako albisteak 2024ko seismoak