Mundua -

BAKEA KOLONBIAN

Bakearen ibilbide orrian beste urrats bat emango du FARCek

Kubako hiriburuan, 17:00etan, hotel batetik emango du FARCek bere jardunaren azkenaren berri, galderarik gabeko prentsaurrekoan.

Gauerditik aurrera, aldebiko su-eten iraunkorra hasiko da Kolonbian

0:55

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak) buruzagiak gerrillaren behin betiko su-etena berretsiko du igande honetan Habanan.

Kubako hiriburuan, 17:00etan, hotel batetik emango du FARCek bere jardunaren azkenaren berri, galderarik gabeko prentsaurrekoan. Iragarpenaren berri ematearekin batera, gerrillaren X. Batzarra deituko du, irailaren 13tik 19ra.

Behin betiko su-etena berretsita, astelehenean, hilak 29, sartuko da indarrean, Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak duela hilabete batzuk iragarri zuen bezala.

Astelehenetik aurrera, horrenbestez, borroka armatuari azkena eman eta, bakearen ibilbide orriari helduta, politika helmuga izango du 1964an sortu zen gerrillak.

Santosek eta Timochenkok bakea izenpetu ondoren sartuko dira indarrean adostutako akordioak. Gainera, FARCeko buruzagiak gerrillaren X. Batzarra deituko du ofizialki. FARCeko kideek bakerako konpromisoa berretsi beharko dute eta mugimendu politikoa ekarriko duen bizimodu zibilera igarotzeko armak emango dituztela onartu beharko dute.

Lau urte negoziatzen

Kolonbiako Gobernuko eta FARCeko negoziazio taldeek lau urte eman dituzte hitz egiten; abuztuaren 24an eman zuten bakerako behin betiko akordioaren berri, Habanan.

200 orrialdetan bildu dituzten akordioak izenpetuko dituzte bi aldeek Kolonbian, eta kolonbiarrek beraiek izango dute adostutakoaren gaineko azken hitza urriaren 2an egingo den plebiszituan.

Politikan

2018ko hauteskundeetara FARC-EP alderdi politiko moduan aurkeztuko da mende erdi duen taldea, baina aurretik ere Kongresuan parte hartu ahal izango du, bozkatzeko aukerarik izango ez badu ere. 2018 eta 2022ko hauteskundeetan gutxienez 5 diputatu eta 5 senatari izango ditu, Bake akordioan jasotakoaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Kolonbian?