Mundua -

Epaiketa politikoa

Rousseffek 14 ordu eman ditu senatarien galderei erantzuten

Gaur egingo du Senatuak bozketa aurreko azken nagusia. Herria "estatu-kolpetik urrats batera" dagoela salatu du Rousseffek.

Dilma Rousseffe, atzo, Senatuan. Argazkia: EFE
Dilma Rousseffe, atzo, Senatuan. Argazkia: EFE
Dilma Rousseffek 14 orduko agerraldia egin du Senatuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak hitza hartu du Senatuan bere jarraipena erabakiko duen epaiketa politikoan, eta asteartean egingo dute bozketa nagusiaren aurreko eztabaida.

Rousseffek ia 14 ordu eman ditu Senatuan, 48 senatarien galderei erantzuten.

Brasilgo presidentearen lehen agerraldia izan da Senatuan, maiatzaren 12an epaiketa politikoa hasi eta kargutik kendu zutenetik. Rousseffen lekua Michel Temer presidenteordeak hartu zuen, eta bera izango da hurrengo presidentea hura kargugabetzen badute.

Hitzaldian, eta galdeketaren erantzunetan, Rousseffek salatu du herria "estatu-kolpetik urrats batera" dagoela. Horrek "demokraziaren heriotza" ekarriko duen beldur agertu da, eta Luiz Inacio Lula da Silvak egindako hobekuntza sozialak ez dituztela mantenduko gaineratu du.

Era berean, presidentearen arabera, "ez da inolaz ere frogatu" berak asmo txarrik izan zuenik aurrekontua aldatu zuten dekretuak sinatu zituenean; izan ere, horregatik leporatu diote "erantzukizun delitua". Konstituzioaren arabera, estatuburua kargutik kendu ahal dute delitu hori egin duela frogatuz gero.

Amaierako hitzaldian, "behar bezala" bozkatu dezatela eskatu die senatariei, eta, ohartarazi egin ditu, "oso larria da Errepublikako presidentea kargutik kentzea, erantzukizun delitua egin ez badu", eta "zauria zaila izango da sendatzeko", esanez.

Ricardo Lewandowski Auzitegi Goreneko presidente eta epaiketa politikoaren gidariak bertan behera utzi du saioa biharamunera arte. Asteartean, Euskadin 14:00ak direnean, jarraituko dute horrekin.

Hala, asteartean azken eztabaida egingo dute, eta 81 senatariek 10 minutuko tartea izango dute hitz egiteko. Akusazioak eta defentsak azken alegatua egingo dute, ordu eta erdiz, eta erreplikarako aukera izango dute. Hori dela eta, txandak errespetatuz gero, baliteke saioak 18 ordu irautea.

Rousseffen aldeko protestak, Rion. Argazkia: EFE

Rousseffen aldeko protestak, Rion. Argazkia: EFE

Gas negar-eragileak eta protestak

Bart, Rousseffen aldekoek kaleak hartu dituzte herrialdeko hainbat hiritan, Senatuan egiten ari diren prozesuaren aurka egiteko.

Sao Paulon, Brasilgo hiririk handienean, 2.000 bat pertsonak, Poliziaren arabera, eta 20.000 lagunek, Langileen Zentral Bakarraren arabera, Rousseffen alde atera dira kalera, baina prostesta Poliziaren esku-hartzearekin bukatu da.

Manifestazioa elkarretaratze batekin hasi da, Paulista etorbidean, baina Sao Pauloko Artearen Museoraino heltzeko aukera zegoen. Duela zenbait hilabete, presidentearen aurkako hainbat talde daude hortik gertu.

Rousseffen aldekoek Poliziaren lehen hesia gainditutakoan, Poliziak gas negar-eragilea jaurti du protestariak sakabanatzeko, eta horietako batzuek zaborrontziak erre dituzte eta harriak eta botilak jaurti dizkiete agenteei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken ordukoa Brasil