Mundua -

Bosgarren proba nuklearra

Ipar Koreak egindako proba nuklear batek lurrikara bat eragin du

Hego Korearen arabera, lurrikarak 5,3ko magnitudea izan du.

Hego Koreak probak eragindako lurrikararen nondik norakoak azaldu ditu. EFE
Hego Koreak probak eragindako lurrikararen nondik norakoak azaldu ditu. EFE
Hego Koreak probak eragindako lurrikararen nondik norakoak azaldu ditu. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreako Gobernuak baieztatu egin du bosgarren proba nuklearra egin duela, aldameneko herrialdeek haren instalakuntza nuklear nagusien inguruan ezohiko "jarduera sismikoa" antzeman eta gero.

Epizentroa Punggye-ri proba nuklearrak egiteko zentrotik gertu izan du. Leku horretan bertan egin zituen Ipar Koreak 2006an, 2009an, 2013an eta 2016ko urtarrilean aurreko lau entsegu nuklearrak ere.

Hego Korearen arabera, lurrikarak 5,3ko magnitudea izan du, eta aurreko lau leherketak baino indartsuagoa izan da.

"Ipar Koreak orain arte egin duen entsegu nuklear handiena egin duela aztertzen gabiltza, 10 kilotoikoa izan baita, gure hasierako datuen arabera", adierazi du Hego Koreako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek.

Ipar Korearen oharra

Ipar Koreako Arma Nuklearren Institutuak ohar baten bidez jakinarazi du erakunde horretako zientzialari eta teknikariek proba nuklear bat egin dutela "garatu berri duten buru nuklear baten ahalmena ebaluatzeko".

Proba "arrakastatsua" izan dela baieztatu du erakunde berak, eta probaren ondoren "ez da inongo gai erradioaktiboren isurketarik egon, ezta ingurumenean kalterik ere", gaineratu du.

Ipar Koreari isunak

Nahiz eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Ipar Korearen aurkako isunak areagotu dituen, herrialdearen ahalmen atomikoa eta militarra sendotzearen alde agertu da Kim Jong Un herrialdeko burua.

Hego Korearen eta Amerikako Estatu Batuen "mugimendu probokatzaileen aurrean" defendatzeko beharrizana aldarrikatzen du Ipar Koreak bere mugimendu militar eta nuklearrak justifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Lurrikarak Ipar Korea