Mundua -

Israel

Ximon Peres koma egoeran, garuneko hemorragia izan ostean

Peres Israelgo presidentea izan zen 2007 eta 2014 artean; 1994an, Osloko Itunak sinatu eta gero, Bakearen Nobel Saria jaso zuen, Isaac Rabin eta Jassir Arafat Palestinako presidentearekin batera.

Peres 60 urte baino gehiago jardun da Israelgo politikagintzan. Argazkia: EFE
Peres 60 urte baino gehiago jardun da Israelgo politikagintzan. Argazkia: EFE
Peres 60 urte baino gehiago jardun da Israelgo politikagintzan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ximon Peres Israelgo presidente ohi eta Bakearen Nobel sariduna (93 urte) koma egoeran eta arnasgailu bati lotuta dago, buruko hemorragia larria izan eta gero, ospitaletik zabaldu dutenez.

Izik Krais Tel Hashomerreko (Tel Aviven kanpoaldean dago) Shiva Ospitaleko zuzendariak adierazi duenez, koma egoera eragin eta hodia ipini diote Peresi, eta senideekin batera dago, hainbat proba egin ostean, Haaretz Israelgo hedabidearen arabera.

Datozen orduotan, presidente ohiaren familiak zer egin erabaki beharko du, gaineratu du medikuak.

"Une honetan buruko kaltea ez da arazorik nagusiena. Lanean ari gara bere bizitza arriskutik kanpo uzteko", David Orion ospitaleko Kardiologia Saileko buruaren hitzetan.

Bestalde, David Lau Israelgo errabino askenazien buruak Peresen alde otoi egiteko eskatu dio gizarteari. "Israelgo herriaren zerbitzura eta segurtasuna indartzeko gauza on asko egin zituen", adierazi du.

Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak ospitaleko zuzendariarekin hitz egin du gauean, haren osasunaren berri lehen eskutik ezagutzeko.

Gainera, Reuven Rivlin Presidentetzan Peresen lekua hartu duen gizonak ziurtatu duenez, "kezka handiz jarraitzen du ospitaleko parteak eta herri guztiarekin batera otoi egiten du", "Ximon laguna" suspertzea eskatuz.

Aurreko asteko astelehenean, ebakuntza egin zioten Peresi, taupada-markagailu bat ipintzeko, azken urtean bihotzeko zenbait arazo eta arritmia izan eta gero. Gainera, arteria bat zabaltzeko beste ebakuntza egin zioten.

Israelgo politikagintzan eman dituen 60 urte baino gehiagoan, 2007 eta 2014 artean Israelgo presidentea izan zen, birritan hartu zuen lehen ministro kargua, bi aldiz izan zen bitarteko lehen ministroa eta 12tan jardun zen ministro gisa.

1994an, Osloko Itunak sinatu ostean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen, Isaac Rabin lehen ministro israeldarrarekin eta Jassir Arafat Palestinako presidentearekin batera. 1995ean hil zen lehenengoa, eta 2004an, bigarrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Nobel sariak 2024 Eguneko albisteak Israel Palestina albisteak