Mundua -

Akordio komertziala

EBk eta Kanadak bertan behera utzi dute CETA sinatzeko goi-bilera

Oraingoz ez dute bilerarako datarik zehaztu.

CETA merkataritza itunaren kontrako protesta Alemanian. Argazkia: EFE
CETA merkataritza itunaren kontrako protesta Alemanian. Argazkia: EFE
CETA merkataritza itunaren kontrako protesta Alemanian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak eta Kanadak bertan behera utzi dute bi lurraldeen arteko merkataritza ituna (CETA) sinatzeko gaurko iragarrita zegoen goi-bilera, Valonia eskualdeko Parlamentuak akordioari betoa ezarri ostean.

"Estatu kide guztiak CETA sinatzeko prest ez daudenez, gaurko iragarrita zegoen Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko goi-bilera ez da gaur hasiko. Kanada sinatzeko gertu dago Europa prest dagoenerako", adierazi du Europar Batasuneko iturri batek.

Aipaturiko iturriaren arabera, oraingoz ezin da goi-bilerarako data berririk zehaztu, eta hurrengo pausoa Europar Batasuna ados jartzea dela azpimarratu du.

Europar Batasuna eta Kanada duela zazpi urte hasi ziren merkataritza ituna negoziatzen, eta Europako Batzordearen esanetan, Europar Batasunaren historiako asmo handieneko akordioa da.

Belgikako Valonia eskualdeak uko egin dio ituna sinatzeari, negoziazioa ez dela gardena izan, akordioak ez dituela hiritarrak babesten eta nazioarteko arbitraje batzordearekiko mesfidantza duela argudiatuta. Belgikako Konstituzioaren arabera, eskualdeetako Parlamentuek ere garrantzia handiko itunak bozkatu behar dituzte. Valoniaren eta, horrenbestez, Belgikaren onespenik gabe ez da posible akordioa sinatzea; estatu kide guztiek aho batez onartu beharrekoa baita.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Europar Batasuna Belgika bideoak Albisteak