Mundua -

Mosul berreskuratzeko borroka

Irakeko Armadak Nimrud antzinako hiri asiriarra birkonkistatu du

Hiriko hondar historikoen zati handi bat Europara eta Bagdadera eraman zituzten duela urte asko, baina Estatu Islamikoak kaltea oso handia eragin du bertan.

Antzinako Nimrud hiriaren suntsiketa.
Antzinako Nimrud hiriaren suntsiketa.
Antzinako Nimrud hiriaren suntsiketa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakeko Armadak igande honetan jakinarazi duenez, Nimrud hiria (antzina asiriar inperioaren hiriburua izan zena) berreskuratu du Estatu Islamikoari kenduta. Nimrud gizateriaren ondarea zen, eta jihadistek erabat suntsitu zuten 2015eko martxoan.

"Bederatzigarren Dibisio Korazatuko tropek erabat askatu dute hiria, eta Irakeko bandera jarri dute eraikinen gainean", jakinarazi dute militarrek ohar baten bidez. Hiria antzinako hondarretatik kilometro bat baino gutxiagora dago.

Alabaina, handik ordu gutxira Irakeko Armadako prentsa-bulegoak zehaztu duenez, oraingoz Tel Nimrud da askatu duten bakarra; aldi berean, Rudaw telebista kurdu-irakiarrak azaldu du Nimrud hiria oraindik ere jihadisten eskuetan dagoela.

Uztailean, Siriako Kultura Ekimenerako eta Ondarerako elkarteak (ASOR) hiria erabat suntsituta zegoela zabaldu zuen. Estatu Islamikoak barril bonbak eta hondeamakinak erabili zituen behe-erliebeak eta ondare historikoa suntsitzeko.

"Dokumentu bizi bezain gogorra" gaitzetsi zuen ASOR elkarteak, Estatu Islamikoak hirian egin duen suntsipena erakusten duen bideo bat jaso ostean. Ipar-ekialdeko jauregia guztiz hondatuta utzi dute.

Nahiz eta hiriko hondar historikoen zati handi bat ('Zezen hegodunak', kasu) Europara eta Bagdadera eraman zituzten duela urte asko, kalteak oso handiak direla esan dute.

Nimrudeko zigurata duela 2.900 urte eraiki zuten, eta jihadistek suntsitu egin zuten abuztuaren eta urriaren artean. Gizateriaren altxortzat zuten adituek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Estatu Islamikoa Jihadismoa Gaurko azken orduko albistea