Mundua -

Hegazkin istripua

Hegazkin errusiar bat Itsaso Beltzera erori da, 92 bidaiarirekin

Errusiako gobernuak baieztatu duenez, hegazkinean militarrak, kazetariak, armadako Alexandrov abesbatza eta dantza taldeko kideak zihoazen.

Erreskate taldeetako kideak, hegazkinaren hondakinekin. Argazkia: Efe.
Erreskate taldeetako kideak, hegazkinaren hondakinekin. Argazkia: Efe.
92 hildako, Errusiako hegazkin militar batek izandako istripuan

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tupolev Tu-154 errusiar armadako hegazkin militarra Itsaso Beltzera erori da gaur 92 bidaiarirekin. Sotxi hiritik aireratu berri zen, eta bertan eskala egin ostean Sirian dagoen Errusiako base baterantz zihoan, RIA Novosti agentziak jakitera eman duenez.

Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi duenaren arabera, Itsaso Beltzaren kostaldetik gertu aurkitu dituzte hegazkinaren hondarrak, 50 eta 70 metroko sakoneran.

"Sotxiko kostaldetik sei kilometrora Defentsa Ministerioko Tu-154 hegazkin istripuko biktima baten gorpua aurkitu dute", iragarri du Igor Konáshenkov ministerioko bozeramaileak.

Ondoren, Sergei Shoigu Defentsa ministroak berak adierazi du, ohar baten bidez, inor ez dela bizirik atera. "Hegazkina erori den eremua mugarritu egin dugu. Ez dugu inor bizirik aurkitu", izan dira ministroaren hitzak.

92 pertsona

Datu ofizialen arabera, hegazkinean 84 bidaiari eta zortzi tripulante zihoazen, 92 pertsona orotara, eta ez 91, hasiera batean adierazi bezala. Bidaiarien artean honako hauek zeuden: zortzi militar, bi funtzionario, bederatzi kazetari eta armadako abesbatza eta Alexandrov dantza taldeko 64 kide. Azken horien asmoa  Jmeimineko aire-basean Urteberri egunerako prestatutako ospakizunetan parte hartzea zen. Errusiak gerra-hegazkinak dauzka base horretan.

Hegazkina bertako 05:20ean atera da (02:20 GMT) Sotxiko aireportutik. Sotxi Itsaso Beltzaren ondoan dagoen bainuetxea da.

Putinek "ikerketa sakona" iragarri du

Vladimir Putin presidenteak adierazi duenez, astelehena dolu eguna izango da Errusian. Horrez gain, Dmitri Medvédev lehen ministroari istripuaren ikerketa zuzentzeko ardura eman dio. Istripuaren zergatiak "sakon" ikertuko dituztela azpimarratu du presidenteak. Era berean, "hildakoen familiei babes osoa emateko ahalegin guztiak" egingo direla esan du Putinek.

Hasierako hipotesien arabera, istripuaren arrazoia akats tekniko bat edota pilotuaren hutsegite bat litzateke.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia bideoak Hegazkin istripuak gaur