Mundua -

Wikileaks

Obamak Chelsea Manning indultatu du

Epaitegi militar batek 35 urteko kartzela-zigorra ezarri zion klasifikatutako dokumentuak Wikileaks atariari filtratzeagatik.

Chelsea Manning. Argazkia: EFE
Chelsea Manning. Argazkia: EFE
Chelsea Manning. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak Chelsea Manning soldadu ohia indultatu duela iragarri du astearte honetan. Epaimahai militar batek 35 urteko kartzela-zigorra ezarri zion analista estatubatuarrari, 2010ean 700.000 dokumentu baino gehiago WikiLeaks atariari filtratu izana egotzita. Manning Kansasko espetxe militar batean sartu zuten, eta 2045ean atera behar zuen kalera. Obamak hartutako erabaki horren ostean, maiatzean irtengo da kartzelatik.

AEBko soldadu ohiak Irakeko eta Afganistango gerren inguruko milaka dokumentu sekretu lapurtu zituen eta ezkutuan eman zizkion WikiLeaks atariari. 2010ean, isilpeko txosten horiek zabaldu zituzten eta zalaparta handia sortu zuten nazioartean.

2013an, emakume sentitzen zela jakinarazi zuen Bradley Manning soldadu estatubatuarrak, eta hormona bidezko tratamendua hasi zuen. 2016ko azaroan, kartzela-zigorra murrizteko eskatu zion Obamari, espetxean eman dituen urteak kontuan izanda.

“Ez dut indultua eskatzen (…) Sei urte espetxe militar batean igaro ostean bertatik ateratzea besterik ez dut eskatzen, nire helburua ez zelako AEBren interesei kalte egitea”, azaldu zuen Chelsea Manningek gutun baten bidez.

Bradley Manning soldaduak barkamena eskatu zion AEBri Wikileaksi milaka dokumentu sekretu isilean emateagatik. "Sentitzen dut jendeari min egin izana. Sentitzen dut AEBri min egin izana", adierazi zuen Manning analistak epaiketaren bukaeran.

Guztira, 273 presori “beste aukera bat” emango diela iragarri du Obamak. Hala, 209 presori kartzela-zigorra murriztu die AEBko presidenteak (agintea hartu zuenetik 1.385 presori murriztu dizkie zigorrak), eta beste 64 indultatu ditu (212 indultatu ditu guztira).

Hala, barkamena eskatu duten presoek AEBk bigarren aukera ematen duen herrialde bat dela ikasi dutela azpimarratu du Etxe Zuriak.

Neurri horren bidez, AEBko espetxe-sistema aldatu nahi du Obamak, baina Kongresuan errepublikanoak dira nagusi, eta horien babesa ezinbestekoa da asmo hori gauzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024