Mundua -

Abruzzo eta Lazio eskualdeetan

Hiru lurrikarak Italiako erdigunea astindu dute ordubetean

Guztira bost sismo izan dira, eta Richter eskalan 5.3, 5.4, 5.3 eta 5eko indarra hartu dute. Zenbait eskola hutsarazi eta metro zein tren zerbitzua eten dituzte.

Amatriceren aireko argazkia. Artxoboko argazkia: Direzione Centrale Vigili del Fuoco
Amatriceren aireko argazkia. Artxoboko argazkia: Direzione Centrale Vigili del Fuoco
Amatriceren aireko argazkia. Artxoboko argazkia: Direzione Centrale Vigili del Fuoco

Iker Gonzalez | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richter eskalan 5.3, 5.4, 5.3 eta 5eko indarra hartu duten lau lurrikarak Italiako erdigunea astindu dute gaur, asteazkena. Horietatik lehenengoa 10:29an izan da, eta 5.3ko indarra izan du. Halere, beste bi sismo, lehenengoa baino gogorragoak, 11:15ean (5.4) eta 11:26an (5.3) sentitu dira, baita RAI Italiako irrati eta telebista publikoaren estudioetan ere, une horretan zuzenean emititzen ari zirela. Azkena, 14:33an erregistratu du Italiako Geofisika eta Bolkanologia Institutuak, eta 5eko maila izan du.

Lehenengoak bederatzi kilometroko sakoneran izan du epizentroa eta Lazio (Erroma dagoen eskualdea) eta Abruzzo artean kokatu da, hain zuzen, abuztuan eta azaroan izan ziren bi sismo handienek gehien kolpatu zituzten lekuak.

Hainbat eskola hustarazi dituzte dagoeneko, esterako Rieti herrian, L'Aquilatik gertu, Erroman etab.

Momentura arte, ezin izan dituzte zehaztu gaurko sismoen ondorioak, izan ere, eraikin eta azpiegitura asko ahulduta zeuden aurreko (abuztuko eta azaroko) lurrikarengatik, eta azkenaldian izandako elur, izotz eta euri denboraleengatik. Gainera, eguraldiak are zailago egiten du kaltetutako herrietara heltzea.

RAIn elkarrizketatu dituzten zenbait lekukoren arabera, lehenengo lurrikara motza eta indartsua izan da. Azken egunetan ere, sismo txikiak izan dira, baina ez gaur izan direnen neurrikoak.

Gainera, eraikin batzuk behera erori dira, sismologia handiko guneetan izandako lurrikaren ondorioz.

Kalte materialak, momentuz

Massimilliano Giorgi Monterealeko (lehen sismoak izan duen epizentroa) alkateak adierazi duenez, "lurrikararen larrialdiaz gain, elurrarena ere badaukagu, metro eta erdiko elur-geruza daukagu, errepide asko blokeatuta daude, jendea izututa..."

"Momentura arte badakigu eraikin batzuk erori egin direla, baina kalte materialak izan dira, ez dago hildakorik. Ez dakigu kalte handiagorik ote dagoen, telefono bidez hitz egitea ere zaila delako. Alabaina, orain arte jakin izan dudanari erreparatuta, ez da kalte material handirik egon. Ikusteko dago, Armada bidean da orain", erantsi du.

Tren eta metro zerbitzuak etenda

Sismoek zenbait garraiobide publikoen zerbitzua etetea eragin dute. Hala, Erromako metroak, zein aipatutako eskualdeetan tren zerbitzua kudeatzen duen enpresak, zirkulazioa eten egin dutela iragarri dute, beharrezko azterketak egin bitartean.

Aurrekoetan ere eten egin zituzten tren zerbitzuak eta, aukeran, autobus kopurua handitu dute gabezia orekatzeko.

Erromako metroaren ateak, itxita. Argazkia: EFE

Erromako metroaren ateak, itxita. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Italia Lurrikarak gaur