Mundua -

Larrialdi egoera

Hainbat hildako Italian, elurrak estalita geratu den hotel batean

Lau gorpu berreskuratu dituzte jada. Elur-jausi batek hotel bat harrapatu du, eta zati bat behera erori da. Litekeena da atzoko lurrikarek eragin izana. 34 lagun inguru zeuden barruan une horretan.

Italiako ostatua
Italiako ostatua
30 hildako egon daitezke elur-jausiak harrapatutako hotelean

1:19

iker gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elur-jausi batek Rigopiano hotela estali du Farindola herrian, Abruzzo eskualdean, Italiako erdigunea astindu duten lurrikaren ostean.

Corpo Nazionale Soccorso Alpino e Speleologico (CNSAS) zerbitzuak adierazi duenez, "hainbat hildako" omen daude eraikinaren barruan, alde bat behera erori delako. Larrialdi zerbitzuko taldeek lau hilotz ateratzea lortu dute dageneko.

"Argiak ikusten ditugu, baina ez dugu ahotsik entzuten", esan dute erreskate taldeetako zenbait kidek.

Elur-jausiak hotela harrapatu duenean, 30 bat pertsona omen zeuden bertan, ostatu hartuta zeudenak eta langileak kontuan hartuta. Alabaina, orain uste dute 34 pertsona zeudela une horretan, 22 ostatu hartuta, 8 langile eta 4 pertsona bisitan, izena eman gabe. Aurreko igandean 200 pertsona egon ziren hotelean.

Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroak agerraldia egin du hedabideen aurrean eta, azaldu duenez, "presio handiko egoera dugu aurrean. Batetik, oso aspaldian ematen ez zen elurtea izan da eta, bestetik, atzoko lurrikarak". "Bi fenomeno horiek, aldi berean gertatuta, areagotu egin dira", esan du.

Gentiloniren esanetan, bi helburu lortzea lehenetsi dute; lehenengoa "inor arriskuan ez egotea, oraindik heltzea ezinezkoa izan den lekuetara heltzea. Ez du esan nahi bertaratu behar garenik, harremana izateaz ere ari naiz".

"Bigarren helburua -dio- argindarraren zerbitzua berrezartzea da, horretan lanean ari gara, bereziki Enelen partetik, eta datozen orduotan lanak areagotuko ditugu. Le Marche eta Abruzzo eskualdetan buru eta belarri ariko gara", erantsi du izendatu berri duten lehen ministro italiarrak.

Paolo Gentiloni, ordain dela gutxi egindako argazki batean. Iturria: EFE

Paolo Gentiloni, ordain dela gutxi egindako argazki batean. Iturria: EFE

Fabrizio Curcio Babes Zibileko buruak hedabideen aurrean adierazi duenez, indar guztiak lanean ari dira, "bai publikoak baita pribatuak ere". Gainera, Curcioren hitzetan, azken orduotan "ezohiko bi gertaera eman dira, horietako batek larrialdi egoera handia sortuko luke, eta bakoitzari dagokion erantzuna eman behar zaio, zerbitzuen partetik".

"Meteorologiaren aldetik, herritarrei etxetik irteteko eskatzen zaie eta, alde sismikotik, barruan sartzeko. Bi faktore horiek uztartzea oso zaila da", gaineratu du.

Rigopiano hotelaren barruko irudiak. Argazkia: EFE

Rigopiano hotelaren barruko irudiak. Argazkia: EFE

Erreskate taldeak 04:30 aldera heldu dira hotelera eta, heldutakoan, bi pertsona erreskatatzea lortu dute; Giampiero Parete eta Fabio Salzetta. Biak eraikinetik kanpo zeuden elur-jausia izan denean, argitaratu du Il Corriere della Sera egunkariak. Biak hoteletik gertu zegoen auto batean babestu ziren, elur-jausiaren ondoren, eta onik daude, erreskate taldeek baieztatu dutenaren arabera.

Erreskatatu dituzten bi gizonak hipotermiak jota zeuden, baina onik daude orain. Paretek (38 urte) baieztatu egin du bere emaztea eta bi seme-alabak hotelaren barruan daudela. Gainera, azaldu duenez, bera kanpoan zegoen zerbait ahaztu zuelako autoan, eta orduan elur-jausia izan zen. Hala, zenbait adingabe barruan daudela baieztatu egin dute.

Elur-jausia izan den unean, 27 bat pertsona zeuden hotelaren barruan: 20 ostatu hartuak, horietako bi adingabeak, eta zazpi langile. Gainera, soilik Abruzzo eskualdean, 90.000 pertsonak argindarrik gabe jarraitzen dute, eta herrietako asko isolatuta daude.

82 lurrikara gauerditik

Lurrikarek ez dute etenik Italiako erdigunean, abuztuan izan zen lurrikara handiak eragindako ondorio larriengatik. Hala, gauerdia eta 06:00ak bitartean, 82 lurrikara txiki erregistratu ditu Italiako Geofisika eta Bolkanologia Institutuak.

Gogorrenek Ritcher eskalako 3,5eko indarra hartu dute. Horietatik lehenengoa L'Aquila probintzian izan da, 02:28ean, eta epizentroa 10 kilometroko sakoneran kokatu dute.

3,5eko erregistratu duten bigarrena Rieti probintzian sentitu dute, 02:53an, eta epizentroa 8 km-ra izan du.

Atzo, lau sismo 24 ordu baino gutxiagoan

Lurrikara-segida batek Italiako erdigunea astindu zuen atzo, berriz ere, eta horietako lauk Richter eskalan 5eko indarra gainditu zuten. Horiek guztiak aurreko abuztuaren 24an Amatricen 300 hildako inguru eragin zituen lurrikara izan zen epizentrotik gertu erregistratu dituzte.

Horietatik lehenengoa 10:29an izan zen, eta 5.3ko indarra izan zuen. Halere, beste bi sismo, lehenengoa baino gogorragoak, 11:15ean (5.4) eta 11:26an (5.3) sentitu ziren. Azkena, 14:33an erregistratu zuen Italiako Geofisika eta Bolkanologia Institutuak, eta 5eko maila izan zuen. Gainerako 4tik gorako dozenaka lurrikara ere izan ziren 24 ordu baino gutxiagoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Italia Lurrikarak munduan Turismo-apartamentuen albisteak Sumendien erupzioek kaltetutakoak Elausoei buruzko albisteak