Mundua -

Abruzzo, Italia

Erreskate taldeek lanean darraite Italian elurpean hartutako hotelean

Egunean zehar zortzi pertsona erreskatatu dituztela zabaldu den arren, suhiltzaileek biren erreskatea besterik ez dute baieztatu.

Zortzi pertsona topatu dituzte bizirik elurpean dagoen hotelean. Argazkia: EFE
Zortzi pertsona topatu dituzte bizirik elurpean dagoen hotelean. Argazkia: EFE
10 lagun bizirik topatu dituzte elur-jausiak harrapatutako hotelean

1:27

iker gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahiz eta ostiral goizean zehar Italiako zenbait hedabidek plazaratu dutenaren arabera, erreskate taldeek zortzi pertsona aurkitu eta bizirik atera dituzten ostegun goizaldean elurpean estalita geratu zen Farindolako Rigopiano hoteletik (Abruzzo eskualdea, Italia), suhiltzaileek argitaratu dute bi besterik ez direla orain arte onik ateratako pertsonak. Dena dela, gutxienez beste lau pertsona dituzte lokalizatuta, eta horiek erreskatatzeko ahaleginetan dabiltza.

"Sei dira Rigopian hoteleko hondarren artean bizirik aurkitutako pertsonak: ama bat eta bere semea dagoeneko erreskatatu dituzte, eta beste laurak erreskatatzeko lanetan ari dira2, azaldu dio RAI News kateari Luca Cari suhiltzaileen bozeramaileak.

Horrenbestez, orain arte erreskatatutakoak ama bat eta bere semea dira; hain justu ere, elur-jausia gertatu zenean hoteletik kanpo zeuden eta gertatutakoaren berri eman zuten bi lagunetako baten senitartekoak.

"Ikusi gaituzten bezain pronto oso pozik agertu dira eta ezin izan dute hitzik esan", azaldu du Marco Bini mendi-erreskateko taldeko kideak. "Hunkigarria izan da, ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena eta besarkatu egiten gintuzten, gaineratu du. Alabaina, erreskate taldeek aurrera ezin eginda geratu direla ohartarazi du, izan ere, “egiturako atal batzuk eror daitezen arriskua dago".

Gainera, elurra egiteari utzi eta tenperaturek gora egiteak "areagotu egiten dute elur-jausien arriskua", zehaztu du.

Goizeko 11:00k aldera erreskate taldeek bi erreskatatuekin hitzez kontaktatzea lortu dute, 40 orduz elurpean egon ostean. Emakumea eta haurra Pescarako ospitalera eraman dituzte.

Erreskate taldeek hiru hilotz atera zituzten hoteletik (eta beste gorpu bat lokalizatuta dute), eta suhiltzaileen hasierako usteen arabera, ez zirudien hotelean zeuden gainerako 30 pertsona ingururen berririk. Itxura denez, elur-jausia gertatu zen unean 22 ostalari zeuden hotelean, zortzi langile eta bisitan, baina erregistratu gabe zeuden beste lau. Aurreko igandean 200 pertsona egon ziren eraikinean.

Lurrikarak Italian

Hoteleko gune batzuk elurpean daude, eta beste batzuk eraitsi egin dira elur-jausiaren kolpe bortitzaren eraginez. Elausoa asteazkenean Italiako erdigunea astindu zuten lurrikarek eragin omen zuten, 24 ordu baino gutxiagoan Richter eskalan 5eko indarra hartu zuten lau seismo izan baitziren.

Bestalde, Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroak agerraldia egin zuen atzo hedabideen aurrean. Horren esanetan, "presio handiko egoera dugu aurrean. Batetik, oso aspaldian ematen ez zen elurtea izan da, eta, bestetik, atzoko lurrikarak". "Bi fenomeno horiek, aldi berean gertatuta, ondorioak areagotu egin dira", esan zuen.

Gentiloniren arabera, agintariek bi helburu nagusi dituzte orain: "lehena inor arriskuan ez dagoela ziurtatzea da, eta oraindik heldu ez garen udalerri guztietara heldu behar da hori egiteko. Horrek ez du esan nahi bertara joan behar dugunik, haiekin harremanetan jartzea lortu behar dugula baizik. Bigarren helburua linea elektrikoak berrezartzea da. Horretarako lanean ari gara, Enel konpainia bereziki, eta datozen orduotan areagotu egingo dira lan horiek. Le Marche eta Abruzzo eskualdeetan buru-belarri arituko gara".

Paolo Gentiloni, ordain dela gutxi egindako argazki batean. Iturria: EFE

Paolo Gentiloni, ordain dela gutxi egindako argazki batean. Iturria: EFE

Ildo beretik mintzatu zen Fabrizio Curcio Babes Zibileko burua hedabideen aurrean. "Talde guztiak ari dira lanean, bai publikoak bai pribatuak", esan zuen. Horrek nabarmendu zuenez, "azken orduotan ezohiko bi gertaera larri izan dira, eta larrialdi egoerak sortuko zituzten batak zein besteak, baina larrialdiei aurre egiteko zerbitzuek erantzun ezberdina eman beharko liokete egoera bakoitzari".

"Meteorologiak eragin ditzakeen arazoei aurre egiteko, etxera sartzeko eskatu behar zaie herritarrei, eta seismoek eragin ditzaketenei aurre egiteko, berriz, etxetik ateratzeko. Oso-oso zaila da bi faktore horiek uztartzea", azaldu du.

Elur-jausiak azpian harrapatu duen hotelaren barrualdeko lehen irudiak

Elur-jausiak azpian harrapatu duen hotelaren barrualdeko lehen irudiak
Elur-jausiak azpian harrapatu duen hotelaren barrualdeko lehen irudiak
Elur-jausiak azpian harrapatu duen hotelaren barrualdeko lehen irudiak

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Italia Lurrikarak gaur Turismo-baserriak gaur Lurrikaretan hildakoak Elur-jausiak