Mundua -

Tragedia Italian

23 gorpu berreskuratuta Rigopiano hotelean; 6 lagun desagertuta daude

Egunek aurrera egin ahala, norbait bizirik topatzeko itxaropena itzaliz doa. Elurrak 'iglu' baten giroa sortu du eraikinaren barruan.

Italia, Rigopiano Farindola
Italia, Rigopiano Farindola
6 gorpu atera dituzte azken orduan Rigopiano hoteletik

1:16

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Farindola herrian elurpean harrapatuta geratu den Rigopiano hotelean (Abruzzo eskualdean) lanean ari diren taldeek 23 gorpu berreskuratu dituzte orain arte; hortaz, ezbeharrean hildakoen kopuruak gora egin du.

Guztira, 6 pertsonak desagertuta jarraitzen dute eraikinaren hondakinen artean eta beste 11 erreskatatu dituzte bizirik, horietatik bederatzi, eraikinaren barrualdean. Elur-jausi batek harrapatu zuen hotela aurreko asteazken gauean (hilak 18).

Luca Cari Suhiltzaileen bozeramale batek ziurtatu dutenez, ez dute itxaropena galdu, eta pertsona gehiago bizirik aurkitzea espero dute, bere ustean, elausoak ez zituen gela guztiak zertan suntsitu. "Oraindik ez gara heldu eraikinaren bihotzeraino", azaldu du, Reuters albiste agentziaren arabera.

Italiako hedabideek Bruno Di Tommaso hotelaren zuzendariaren mezu elektroniko bat argitaratu dute astelehenean. Bertan, laguntza eskatu zien agintariei, elur-jausiaren aurretik, errepideak garbitu zitzaten, asteazken goizean izandako lurrikara-segidaren ostean (horietako batzuek Richter eskalan 5. maila gainditu zuten).

"Egoera kezkagarria da", esan zuen. Gainera, gogorarazi zienez, Rigopiano hotelean bi metroko elur-geruza pilatuta zegoen ordurako. Bezeroak "ikaratuta daude (…) eta eraikinetik kanpo egotea erabaki dute", zioen. Alabaina, Di Tommasok ez zuen erantzunik jaso, Il Corriere della Sera egunkariak plazaratu zuenez.

Gaurkoarekin, sei dira jada bilatzen eman dituzten egunak. Argazkia: EFE

Gaurkoarekin, sei dira jada bilatzen eman dituzten egunak. Argazkia: EFE

Fiskaltzak, bere aldetik, ikerketa abiarazi du, delituren bat egin ote zen argitzeko. Cristina Tedeschini Pescarako ondoko fiskalaren hitzetan, besteak beste, erreskatea egiteko "atzerapenak" eta zenbait gauzetan "eraginkortasun eza" aztertzen ari dira, baina ohartarazi du horietan guztietan ez duela zertan delitua egon.

Politikariek, halaber, gune horretarako emandako baliabide kopurua kritikatu egin dute. Luigi DI Maio Movimento Cinque Stelle alderdiko ordezkari batek penagarritzat jo du elurra kentzeko makinaren matxura bat konpontzeko "bost hilabete" daramatzatela eta eskualdeak baliabide barik uztea leporatu dio Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Italia Lurrikarak Ostatuak Hondamendi naturalen biktimak